Mintzadromoa eta hikadromoa, San Juan plazan
24. Korrikaren 12. Egunaren harira, Bidasoko AEK euskaltegiak mintzodromoa eta hikadromoa antolatuko ditu ostegunean, hilak 21.
24. Korrikaren amaierako ekitaldian, Ane Elordik, Korrikako koordinatzaileak, oso garbi adierazi zuen Korrika ez zela 11 egun horietan amaituko, eta 12. Egunaren dinamika egingo zutela. Dinamika horren baitan, Euskal Herriko AEK euskaltegiek mintzodromoa antolatuko dute ostegun honetan, hilak 21. Bidasoko AEKren kasuan, mintzodromoa eta hikadromoa antolatuko dituzte San Juan plazan, goizez eta arratsaldez. Parte hartzeko izena eman beharko dute, mahaiak euren beharretara egoki prestatu ahal izateko.
Euskararen pizkundea ez zen Bilbon amaitu, Atharratzen piztutako txinparta jarraitzeko asmoz Korrika parte hartu dutenei dei egin diete mintzodromoan parte hartzeko, euskara kalera ateratzeko eta erabilera indartzeko. Hitzordu berezia izango da ostegunekoa, euskararen egoeraren gainean hausnartzeko tartea eskainiko baitu. “Norbanakotik hasi eta herri, eskualde zein erakundeetaraino”.
Bi saio egingo dituzte San Juan plazan. Goizean, 10:00etatik 11:30era egingo dute; eta arratsaldean, berriz, 18:00etatik 19:30era. Arratsaldeko saio honek berezitasun bat izango du: hikadromoa izango da. Alegia, hitanoa modu praktikoan sustatzeko gune berezia prestatuko dute.
Bi saio hauetan parte hartzeko 688 74 66 33 telefonoaren bidez, irun@aek.eus helbidera idatzita edota iragarki kartelean eskuragarri dagoen QR kodearen bitartez egin beharko dute izen ematea.

