Higer farola kudeatuko du Hondarribiko Udalak hurrengo 30 urteetan
Helburua argia da: itsasargia herriari irekitzea. 30 urtez edukiko du udalak espazioa kudeatzeko, egokitzeko eta berreskuratzeko eskumena. Hurrengo urteari begira herritarrentzat ireki nahi dute.
Higer itsasargia Hondarribiko herriko ikur handienetarikoa da. Halere, azken urteetan ahanzturan erori da. 2015. urtetik hutsa dago farola, bertako azken farozaina joan zenetik. Harrezkeroztik, ez da mugitu, eta bere funtzioa egiten jarraitzen du, baina egun jada automatizatuta. Pasaiako Portuko Agintaritzaren itsasargia da Higerrekoa, Gipuzkoako guztiak bezala, baina orain, Hondarribiko Udalaren eta portuko agintaritzaren akordio bati esker, itsasargiaren lagapen hitzarmena adostu berri dute. 30 urteko hitzarmena da sinatutakoa, eta orain, udalak espazioa kudeatu, egokitu eta ireki ahal izango du.
2023. urtean hasi ziren farola udalaren eskuetan jartzeko prozesuak. “2023ko irailean egin genuen lehen kontaktua”, zehaztu du Igor Enparan alkateak. Ibilbide luzea izan da alkateak esan duenez, administrazio publikoak dituen tramite guztiak kontuan hartuta. “Espazio hau oso kuttuna da hondarribitarrontzat, eta urte askoz itxita egon ondoren, herritarrei zabaltzeko asmoa dugu. Hori bera lortzeko proiektu bat lantzen ari gara, eta espero dugu hurrengo urteetan dena gauzatzea”, esan du alkateak.
Herritarren ezagutza sustatu nahi dute. Hondarribitarrek badakite farola bertan dagoela, eta bertako lanaren funtsa ulertzen dute, hau da, itsasontziei nabigazio laguntza eskatzea, baina asko dago ikasteko oraindik. Hori ez ezik, Hondarribiko itsasargiak beste funtzio bat osatzen du, aerofaro bat da, eta gaur egun jada dagoen teknologiarekin ez denik behar, aireportura doazen hegazkinentzako argibidea ere bada. “Itsasoa gure izaeraren parte da, dudarik gabe, eta beraz, farola ere gure nortasunaren parte da. Itsasargia barnetik ezagutzeko aukera eman nahi dugu, jendeak ikas dezan zer diren, zertarako sortu ziren eta gaur egun ere, zer funtzio betetzen duten”.
Udalaren eta Pasaiako Portu Agintaritzaren arteko lankidetza nabarmendu nahi izan dute alkateak eta Izaskun Goñi agintaritzako lehendakariak. “Horrelako egitasmoak baikorrak dira denontzat. Ezagutzaz mintzatu da alkatea, eta guretzat oso garrantzitsua da jakinduria hori hedatzea, eta gizarteari zabaltzea. Gure instalazioak herritarrei irekitzea polita da, eta gaur egun hutsak egon arren, oso toki bereziak dira”, esan du Goñik. Horrez gain, esan du itsasargien inguruan herriak disfrutatzeko aukera baldin badago, agintaritzak beti erakutsiko duela ere prestasuna.
Ondarea
Ondare higiezina da itsasargia, eta hori azpimarratu nahi izan du alkateak. “San Telmo gaztelua hemen ondoan dugu, beherago portua eta hau dena Talaia bidearekin lotzen da. Higiezinak diren ondareak herriari ireki behar zaizkio, eta garrantzitsua da pixkanaka dena irekitzen joatea”. Proiektu bat sortzen ari dira, eta ondoren, hainbat tramite egin behar dira. Horregatik, aurreikuspenek diote gutxienez hurrengo urtean irekiko litzatekeela farola herriarentzat.
Itsasargiaren oinarrian bi etxe daude. Lehen bi farozain bizi ziren bertan, eta bakoitzak bere etxea zuen. Etxe horietako bat dagoen moduan mantendu nahi da, jendeak ikusi dezan nola bizi zen farozaina bertan. Horretarako, itsasargiak hainbat konponketa eta garbiketa behar ditu. “Bertan bizi zen farozainaren koadernoak barruan aurkitu ditugu, eta horiek eskaneatuz, informazioa hedatzeko tresna ederra dugu. Horrelako gauzak jarri nahi ditugu balioan”, esan du alkateak.

