«Tokiko hedabideak babestu behar dira»
Gaur HITZAk papereko edizioan 1.000 zenbakia argitaratu du. HITZAkideak diren establezimenduen eta denden iritzia jaso du hedabideak.
Lotura handia du Goieko garbiketarako produktuen eta sistemen enpresak Hitza-rekin. Hala esan du Xabier Mendiburu Lizarraldek, enpresako bazkideak. Euskarak enpresan garrantzi handia du eguneroko jardunean haren esanetan. Hitza-ri esker tokiko albisteak euskaraz jasotzeko aukera dutela aipatu du, eta gainera, horren alde egitea haientzat onuragarria da.
Hitza aipatuz gero, zer oroitzapen dituzu?
Hitza sortu zenetik harpideduna naiz, eta Goieko sortu genuenetik egunkaria eta aldizkaria postontzian jaso izan ditugu beti. Goizero lau ale sartzen zizkiguten duela urte batzuk; orain, aldizkaria jasotzen jarraitzen dugu. Ez dugu Hitza ez den beste aldizkaririk jasotzen. Oraindik ere ohitura hori mantentzen dugu, eta espero dugu hala izaten jarraitzea. Nik gero eta gutxiago irakurtzen dut, baina ostiraletan saiatzen naiz aldizkariko edukiak irakurtzen.
Tokiko hedabideek garrantzia izaten jarraitzen al dute?
Gureganako hainbesteko kontrola dute, non ez dakigun noraino kontrolatuta gauden. Hainbeste modernitateren ondorioz, ez dakit nortasuna galtzen ari ote garen. Nik uste dut dena oso orokortuta dagoela, baina tokiko hedabideak babestu behar dira. Haien alde egin behar da.
Zer ekarpen egiten dio Hitza-k enpresari?
Zonaldean gertatzen diren gertaeren berri ematen digu. Pasaia Itsas Festibala, Behobia-Donostia lasterketa, edo bestelako ekitaldi bereziak zein jaiak antolatzen dituztenean mugimendua sortzen du. Guk sortutako mugimendu hori asko eskertzen dugu. Gehienbat festengatik lan egiten dugu, eta Hitza-k enpresari oihartzuna ematen eta banaketak egiten asko laguntzen dio.

