Ribera bekak baditu irabazleak
Aurtengo bekaren irabazleak 'Kafe kikara batean' eta 'Bidasoko Toponimia ttikia' proiektuak izan dira, 11.250 euroko zuzkidurarekin.
10 urte bete dira lehenengo aldiz, Ribera beka antolatu zutenetik. Aurtengo edizioaren irabazleak bi izan dira beste urte batez. Edizio hauetan guztietan Bidasoa ibaiaren eta memoria historikoaren garrantzia azpimarratzen duten proiektuak bildu dituzte, eta dagoeneko iragarri dituzte aurtengo saridunak zeintzuk diren. Nuria Alzaga lehenengo alkateordeak eta Kultura ordezkariak aurtengo irabazleak zoriondu nahi izan ditu: “Lurralde osoan bakarrak diren Ribera bekaren berezitasuna dute”.
Aurtengo irabazleak, Francisco Marisek eta Eider Rodriguezek ekoizitako Kafe kikara batean dokumentala eta Asier Gogortzak eta Jon Abrilek bildutako Bidasoko Toponimia ttikia. Askotariko emaitza artistikoak aurkeztu dira urteotan, hala nola, zapalduen antzerkia, ikus entzunezkoa, eskultura edo performancea. Proiektuotan 1993an mugaren desagerpena, sehaska abestien bidez Irungo soinu-memoria edo Bidasoaren memoria emozionalari buruzko ikerketak gizarteratu dira.
Kafe kikara batean dokumentalak Irungo memoria aztertzen du, begirada artistiko eta genero batetik. Porcelanas Bidasoaren garrantzia azpimarratu dute, piezak kontserbatzen dituzten pertsonen bizitza istorioekin lotuz. Dokumentalaren bitartez, gogoetarako grina piztu nahi dute ekoizleek enpresak egindako baxeren eta irudien bitartez.
Bidasoko Toponimia ttikia proiektuaren bidez, Asier Gogortzak eta Jon Abrilek Bidasoak Bera eta Hondarribia-Hendaia arteko toponimia bildu nahi izan dute. Horretarako, argazki bilduma bat osatu dute herritarrek ibaiarekin duten harremana islatzeko. Toponimia arriskuan dago, eta argazki bilduma honek herritarren eta Bidasoaren arteko harremanak izandako aldaketak arakatuko ditu, belaunaldiz belaunaldi.
Proiektu bakoitzak 11.250 euroko zuzkidura izango du, inoizko kopururik handiena da. Bederatzi hilabetetan garatu beharko dituzte bekak.

