"HITZA bada herria bizirik mantentzeko era bat"
1.000. zenbakia kaleratu du gaur HITZA-k. Horretarako, hainbat HITZAkiderekin elkartu dira kazetariak, zehazki, herri bakoitzeko batekin.
Hondarribia Futbol Elkartearekin harreman estua izan du Naiara Salinas Arbelaizek betidanik. Jokalaria izan zen, ondoren entrenatzailea, eta orain, lehendakaria. Zelaitik kanpo, argi du: Hondarribia maite duen hondarribiarra. HITZAkide da, eta tokiko hedabideen garrantzia nabarmendu du.
Zergatik zara HITZAkide?
Esango nuke hasieratik egin nintzela HITZAkide. Hasiera hartan gauza berria zen, herriko informazioa eta euskaraz ematen zuen zerbait. Nik uste horregatik erabaki nuela proiektua babestea. Hori ez ezik, uste dut oraindik babes hori beharrezkoa dela. Gaur egun, gehienbat pantailen bitartez, mundu guztian gertatzen denaren berri dugu, baina azken finean hemengo albisteak, herritarren adierazpenak eta iritziak jasotzea nire ustez oso aberasgarria eta garrantzitsua da.
Herrian gertatzen denari ahotsa ematea beharrezkoa iruditzen al zaizu?
Noski, erabat. Ez gara leku guztietara iristen, baina egiten duzuen lanarekin hainbat ekitaldi eta gauzaren berri dugu. Nire ustez herriarekin eta herritarrekin komunikatuagoa egoteko forma ederra eta aparta da.
Zer ekarpen egiten du HITZA-k?
Hitza bada herria bizirik mantentzeko era bat. Ez badugu berririk, ez badugu tokiko informaziorik, azkenean hiri handi baten moduan arituko ginateke. Herria zaindu egin behar da, nire ustez. Hondarribiarra naiz betidanik, Hondarribia maite dut, eta noski, herria bizirik mantendu nahi dut.
HITZA irakurtzeko momentutxoren bat hartzen al duzu astero?
Digitalean asko irakurtzen dut, paperean baino gehiago. Oraindik ere gurasoen etxera iristen zait, eta bertara hurbiltzen naizenean normalki beti hartzen dut momentu bat zer eduki dagoen ikusteko. Beti begiratzen dut ea badagoen zerbait atentzioa deitzen didana, ondoren lasaiago irakurtzeko. Gainera, etxe horretatik familia guztia pasatzen da, eta beraz, nik uste denok nahiko presente dugula HITZA.
Hondarribia Futbol Elkarteko lehendakaria zara. Talde handiek foku handiak jasotzen dituzte, baina talde txikiagoei tokiko hedabideek babesa ematea beharrezkoa iruditzen al zaizu?
Bai, azken finean hor erronka handia dago. Sare sozialekin, adibidez, beti egin nahi dugu asko, baina ez gara denera iristen. Denbora eta gogoa behar dira, eta noski, baliabideak. Gertakari puntualak daudenean, adibidez aurreko larunbateko deialdia, beti eskertzen da tokiko hedabideen laguntza.
Zer nolako etorkizuna ikusten diozu HITZA-ri?
Haien herrian lan egiten duten kazetariak edukitzea, eta haien herria maite dutenak lanean egotea, nire ustez jada bada pausu garrantzitsu bat aurrera egiteko. Babestu beharreko proiektuak dira horrelakoak, eta hor herritarrok badugu erantzukizun bat. Aurrera jarraitzea eskatzen diot HITZA-ri; ni behintzat oso pozik nago egiten duzuen lanagatik.
Beharrezkoa al da beraz, zure ustez, herriaren babesa?
Erabat. Nik behintzat nahiko nuke herritar guztiek haien aletxoa jartzea, baina ezin ditut besteen erabakiak hartu. Oso garrantzitsua da gure babesa, eta nire ustez ez da esfortzu handia.

