Bidasoa LHIIko ikasleek Mugi birtuala probatu dute
Datorren neguan, Mugi txartela ordainketa digitaleko sistema berria ezarriko dute eta dagoeneko proba pilotua egin dute hainbat ikaslekin.
Urte amaierarako Mugi txartelak berrikuntza garrantzitsua izango du. Ordainketak mugikorretatik egiteko aukera izango dute gipuzkoarrek. Gaur, Mugi birtualaren txartela probatzen aritu dira Bidasoa LHIIko 30 ikaslek, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak antolatutako proba pilotuan. Telekomunikazio eta Informatika Sistemen Goi Mailako eta Telekomunikazio Instalazioen Erdi Mailako ikasleek euren balorazioak eta hobekuntza-proposamenak partekatu dituzte, behin betiko zerbitzua ezarri aurretik zerbitzua hobetzen jarraitzeko.
Ikasleekin batera, Azahara Dominguez, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidentea, izan da. “Gazteak teknologia berriekin eta ordainketa birtualarekin gehien ezagutzen duten kolektiboa dira”, adierazi du. Dominguezek argi du gazteen ezagutza, esperientzia eta trebetasunak kontuan hartzea garrantzitsuak direla. “Gipuzkoan azken urteotan garraio publikoaren alde egin dugun apustu iraunkorra emaitza oso positiboak ematen ari da”.
Egun osoan zehar, Mugi stand bat jarriko dute ikastetxean ikasleek txartel berriak egiteko aukera izan dezaten. “Belaunaldi berrien artean garraio publikoan oinarritutako mugikortasun-kultura sortzen jarraituko dugu, gaur hartuko ditugun erabakiek eragin zuzena izango baitute etorkizunean eraiki nahi dugun lurralde-ereduan”.
Juncal Amunarriz Bidasoa LHIIko zuzendariak egitasmo hau oso interesgarria dela iritzi dio. “Gure ikasleek ikastetxean egunero lan egiten dutenaren aplikazio praktikoa bizi dute”.

