Baztango Plazara Dantzara! kolektiboak jasoko du aurtengo Hondarribia Berdintasun Saria
Baztango herrietako jaietan mutil dantzetan emakumeen presentzia bermatzeko borrokan aritu da kolektiboa, eta 2023. urtean lortu zuten lehen aldiz. Ekainaren 5ean egingo da sari banaketa.
Aurten ere, Hondarribia Berdintasun Saria banatuko dute. Baztango dantzetan emakumeen presentzia bermatu izanagatik, eta horren alde borroka egiteagatik, aurten, saritua Plazara Dantzara! kolektiboa izango da. “Bidasoak lotzen ditu Baztan eta Hondarribia eta, azken urteetan, jaietan emakumeen parte hartzearen aldeko aldarrikapenak ere lotzen gaitu: hemen alardean eta han mutil-dantzetan”, adierazi du Jaizkibel konpainiak.
Ekainaren 5ean egingo dute sari banaketa, Itsas Etxean, 19:00etan. “Ekitaldia borobiltzeko, aurten Esanezin abeslariaren emanaldia izango dugu. Sarrera doakoa eta librea izango da, edukiera bete arte”, azaldu du Jaizkibelek.
Sarituen inguruan, azaldu dute ez dela erraza” egin duten bidea. “Botere eta genero harremanek berdin berdin funtzionatzen dute Baztanen eta Hondarribian. Halere, ibilbide gatazkatsua izan arren, emakumeak lortzen ari dira jaietan plazan dantzan aritzea”, esan du konpainiak. 2023. urtean, lehen aldiz, Baztango herri guztietan mutil dantzetan emakumeen parte hartzea bermatu zen.

