Sainduak ateak irekiko ditu 8 urteren ondoren
2018. urtean itxi zuten gaztelekua, denbora baterako. Azkenean, zortzi urte izan dira, eta eraikin osoa berritu dute.
2018. urtean itxi zuten Saindua. Harrezkeroztik, Puntal auzoko eskolako gela batean egon da gaztelekua. Bide luzea izan dute obrek, eta hainbat oztopo bidean. Azkenik, inaugurazioa egingo dute, ostiral honetan 18:00etan, eta udalak, herritarrak gonbidatu dituzte bertara. Lupe Queiruga Gazteria zinegotzia irekieraren inguruan mintzatu da, eta irekiera “albiste oso garrantzitsua” dela adierazi du.
“Urteetako lanaren ondoren, gazteen aisialdirako, sormenerako, parte-hartzerako eta elkarbizitzarako pentsatutako espazio berritu bat izango dugu”, adierazi du Queirugak. Eraikinean zegoen pitzadura batengatik itxi zuten 2018. urtean, eta aurreikuspenak laburragoak izan arren, zortzi urte behar izan ditu obrak amaitzeko. Udalak adierazi du egungo udal gobernuak proiektua desblokeatzeko eta amaierara eramateko beharrezko urratsak egin dituela.
Gaztelekuaz gain, hainbat erabilera izango ditu Sainduak. “Ez da soilik eraikin baten berritzea izan. Saindua gazteria politikak beste modu batera garatzeko tresna ere bada: hurbilagoa, parte-hartzaileagoa eta gazteen beharrei hobeto egokitua”, esan du Queirugak. Gazteen Zerbitzua eta Gazteria saileko bulegoa Sainduan bertan izango dira gaztelekuarekin batera. Horrez gain, erabilera anitzeko geletan Antzerki Tailerra ezarriko da besteak beste.
Hurrengo asteetan HITZAk sakonago jorratuko du gaztelekuaren gaia.

