Kultur Aniztasunaren Munduko Eguneko egitaraua aurkeztu dute
Kultur Aniztasunaren Eguna hilaren 21ean bada ere, datorren igandean, hilak 24, hainbat jarduera antolatuko dituzte Zabaltza plazan.
Datorren ostegunean, hilak 21, Elkarrizketarako eta Garapenerako Kultur Aniztasunaren Munduko Eguna izango da. Osteguna izanik, igandera, hilak 24, aldatuko dituzte jarduerak eta eguneko egitaraua antolatuko dute. Jarduerak Zabaltza plazan izango dira, 11:00etatik aurrera. Kulturartekotasuna ardatz hartuta, Elkarrekin Kooperatiba Txikiak Su artean egitasmoa antolatu du.
Igandea heldu aurretik, ostiralean zenbait herrialdetako pertsonek norbere lurraldeko plater tipikoak prestatuko dituzte Erlaitz elkarte gastronomikoan. “Udal gisa eta gizartearen parte gisa, erronka handia dugu aurretik, Irunera iristen diren pertsona guztiak ahalik eta ondoen senti daitezen irundarren artean eta hasi berri duten bizi-proiektua lankidetzan osatzeko aukera izan dezaten”, adierazi du Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak.
Hiriko ikastetxeek kartel lehiaketa antolatu dute, eta El Pilar ikastetxeko LH 4ko Erlaitz Pagola, Iker Benito, Aitor Iribarren eta Ander Dubernet izan dira garaile. 11:00etan hasita, parte hartzaile guztien kartelekin erakusketa bat antolatuko dute Zabaltza plazan. Eva Mena artistak muralaren zirriborroa prestatu du, eta egunean zehar Zabaltzara bertaratzen direnek pintatzeko aukera izango dute.
Abarca GGKEak Munduko arrozak egitasmoa prestatuko du, eta hainbat herrialdetatik etorritako boluntarioek kulturako plater bat prestatuko du. Honela, munduko gastronomia dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bestalde, kulturartekotasuna jorratzen duten erakundeek erakusmahaiak jarriko dituzte, beren zerbitzu eta produktuak ezagutzera emateko.

