Ikusmira proiektua, etxean sentitzeko oinarrizko informazioa
Iritsitako migratzaileak eguneroko bizitzan moldatzeko oinarrizko informazioa emateko eta komunitatea sortzeko egitasmoa da.
Hamaikagarren urtez jarraian, abian da Ikusmira proiektua Irunen. Astelehenean hasi eta ekainaren 3ra arte hirian erroldatutako atzerritarrek eta iritsi berri diren migratzaileek eguneroko bizitzan moldatzeko saioak izango dituzte. Bertan, komunitatea sortzeko eta harremanak bultzatzeko oinarrizko informazioa helaraziko zaie. Bi taldetan banatuta astean behin saio bana izango dute, goizez zein arratsaldez.
Asteazkenetan, 11:00etatik 13:00etara bilduko dira; eta ostegunetan, berriz, 17:00etatik 19:00etara. Bi saioetan banatuta ahalik eta jende gehien biltzea dute helburu. Saioetan orientabide praktikoa emateaz gain, bisita gidatuak ere egingo dituzte. Egunotan, udaletxea, liburutegia, HAZ, euskaltegia, Bidasoa Bizirik, Plaiaundi LHII, Oiasso museoa, Ama Xantalen ermita eta Plaiaundiko parke ekologikoa bisitatuko dituzte.
“Irunera iritsi berri direnek zailtasunak izaten dituzte lehenengo hilabeteetan, eta ez dute jakiten udalak eskaintzen dituen zerbitzuak zeintzuk diren. Horrelako egoerek ziurgabetasuna eragin dezakete, eta komunitatean integratzeko prozesuak oztopatu. Ikusmirak laguntza hau ematen du”, adierazi du Josu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak.
Izena emateko epea itxita egon arren, interesa dutenek aukera dute apuntatzeko 943 50 56 35 eta 638 90 12 45 telefonoetara deituta. Zailtasunak izanez gero, koordinatzailearekin harremanetan jartzeko 621 15 66 78 telefonoa izango dute.

