"Hondarribiak ez du merezi etengabeko konfrontazioan oinarrituriko politikarik"
Alkateak adierazpen instituzionala egin du gaur, udal gobernuaren izenean. Aurrekontuen harira EAJri gezurra esatea leporatu diote, eta haien jarrera "oso larria" dela adierazi dute.
EAJk, apirileko udalbatzan adierazi zuen Hondarribiko Udalak 2025ean egindako gastuen %40 inguru eragozpenekin edo kontrako txostenekin egin zirela, hau da, 12,8 milioi euro. Gaur, udal gobernuak adierazpen instituzionala egin du, eta EAJri erantzuna eman dio, haien adierazpenak gezurra direla adieraziz. EAJren jarrera “oso larria” dela adierazi du Igor Enparan alkateak, eta gehitu du politikan gezurrak esatea “ez dela onargarria”.
2025ean Hondarribiko Udalak lehen aldiz gainditu du 30 milioi euroko gastuen langa. “Gastuak ikusiz, EAJk adierazi du gastatutakoaren %42a baino gehiago kontrako txostenekin egin dela. Adierazpen horiek ez datoz bat inondik inora ere espedienteekin eta txostenekin”, esan du alkateak. Horregatik, udal gobernuak uste du EAJk errealitatea desitxuratu nahi izan dutela, herritarrei “gezurra” esanez, eta horrela udal gobernuaren aurka eginez.
Erreparoa baduten txostenak badaude, alkateak helarazi duenez, baina gastu osoaren %2a dira, hau da, 700.000 euro inguru, EAJk adierazitako 12,8 milioi euroetatik urrun. “EAJk datua oker ematea eta faltsutzea da salatzen ari garena. Hondarribiak ez du merezi etengabeko distortsioan eta konfrontazioan oinarritutako politikarik”, adierazi du alkateak. Udal gobernuaren ustez, oposizioa zuhurra, zorrotza eta zintzoa izan behar du, eta jarrera hori eskatu die beste bi udal taldeei. “Horrelako jokabideek kaltea egiten dute, eta ez soilik Hondarribiko Udalari, politika publiko guztiei baizik”. Adierazpen instituzionalaren bidez, esan nahi izan dute politikan beharrezkoa dela kritika, eta desadostasunak egunerokoan ohikoak direla, baina haien ustez, erakunde politikoen jardunaren konfiantza zalantzan jartzen duten gezurrak “ez dira onargarriak”.
Exekuzio altuena
Horrez gain, azken asteetan, EAJk eta PSE-EEk aurrekontuen exekuzio maila altuagoa izatea eskatu diote udal gobernuari. Horren aurrean, Abotsanitzek eta EH Bilduk osaturiko gobernuak adierazi du 2025eko exekuzio maila %72,18koa izan dela. Hori ez ezik, azken zortzi urteko datuak zerrendatu dituzte: %63,14 (2018), %53,49 (2019), %55,52 (2020), %52,11 (2021), %62,53 (2022), %60,67 (2023), %67,86 (2024) eta azkenik, iazkoa. “Exekuzioa %72koa izan da, baina iaztik aurtengo aurrekontuetara pasatzen diren konpromisoak beste 3,5 milioi eurokoak dira”.
Badira urte fiskalean egiten diren gastuak, normalki urte hortako gehienak, baina badira ere hurrengo urtera pasatzen direnak edota aurrekontu handiagoa izan arren, ondoren gutxiago gastatzen direnak. “Obra batek milioi bat euroko aurrekontua badu eta ondoren 800.000 euro gastatzen badira, 200.000 euro horiek exekutatu gabeak moduan agertuko dira”, azaldu du alkateak. Horrez gain, Enparanek adierazi du 2025ean Hondarribiko Udalak 30,3 milioi euro jaso zituen, eta 30,2 milioi euro gastatu, eta beraz, ez dela ia soberakinik izan.

