Ekintzailetza eta merkataritzaren modernizazioa sustatzeko laguntzak, abian
Deialdiaren xedea Hondarribiko jarduera ekonomikoa sustatzea da, hala nola enpresa proiektu berriak abiatzen lagunduz eta dagoeneko martxan daudenak sustatuz, merkataritzan eta zerbitzuetan ikusmira jarriz.
Hondarribiko Udalak ekintzailetza sustatzeko eta merkataritza zein zerbitzuen lehiakortasuna hobetzeko diru laguntzen deialdia ireki berri du. Ekainaren 15era arte izango dute eskatzaileek epea zabalik. Deialdiaren xedea Hondarribiko jarduera ekonomikoa sustatzea da, hala nola enpresa proiektu berriak abiatzen lagunduz eta dagoeneko martxan daudenak sustatuz, merkataritzan eta zerbitzuetan ikusmira jarriz.
Bi laguntza lerro daude diru laguntzen barnean. Alde batetik, ekintzailetza sustatzeko laguntzek enpresa egitasmo berrien hasierako gastuei aurre egiteko balio dute. “Ekintzailetza sustatzeko laguntzen artean sartzen dira, besteak beste, eraketa gastuak, komunikazio eta publizitate gastuak, webguneen eta sare sozialen garapena, aholkularitza teknikoa, Autonomoen Gizarte Segurantzako kuotak edo negozio lokalaren lehen alokairuak. Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 5.000 eurokoa izango da, eta 6.000 eurora igo ahal izango da proiektua Alde Zaharrean kokatzen bada”, adierazi du udalak.
Bestetik, merkataritza eta zerbitzu establezimenduen modernizaziorako laguntzak: berrikuntza, digitalizazioa eta lehiakortasuna sustatzeko. “Bestalde, merkataritza eta zerbitzuen modernizaziorako laguntzek lokalaren eraberritze lanak, ekipamendu berriak, digitalizazioarekin lotutako tresnak edo komunikazio eta marketin zerbitzuak finantzatu ahal izango dituzte. Laguntzak onartutako inbertsioaren %50era iritsi ahal izango dira, gehienez 8.000 euroko mugarekin, eta 10.000 eurora arte Hirigune Historikoko establezimenduen kasuan”, azaldu du udalak.
Eskaerak BAZ bidez edo erregistro elektronikoaren bidez egin ahalko dira.

