Emakumeak kirolean murgiltzeko, Ate irekiak
Gaztetan emakumeen kirola sustatzeko Irungo hemezortzi kirol elkartek doako entrenamenduak antolatuko dituzte.
Parean elkarteak urteak daramatza emakumeak kirolean sustatzeko lanean, eta horren adibide da gaur aurkeztu duten Ate irekiak egitasmoa. Irungo hemezortzi kirol klubekin elkarlanean, entrenamenduak eta euren eguneroko giroa “muxutruk” ezagutzeko eta gozatzeko aukera izango dute hiriko neska gazteek. Futbola, eskalada, squash, txirrindularitza, piragua, eskubaloia, arrauna… probatzeko aukera izango dute udaberriko hilabeteotan zehar. Datozen asteetan martxan jarriko dute egitasmoa, eta astegunetan zein asteburutan izango dira hitzorduak.
Jarduerak Lehen Hezkuntzako zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako neskentzat dira. “Zabalpen zabala egiten ari gara LHko zein DBHko ikastetxeetan. Gainera, institutuetan lan berezia egiten ari gara gorputz hezkuntzako irakasleekin batera”. Klub bakoitzak egunez egun eskaintzen dituen entrenamenduen ordutegiak eta informazioa hemen aurkitu daiteke.
“Gaur aurkezten duguna ez da gida huts bat, gaur aurkezten duguna konpromiso kolektibo bat da”, adierazi du Oihana Llorente Parean elkarteko kideak. Egitasmo honen helburua garbia da: emakumeen kirola sustatzea erreferenteak eduki ditzaten. Gaur egungo errealitateak gizon eta emakumeen arteko arrakala argia erakusten du: “Emakumeek jarduera fisikoan eta kirolean duten parte hartzea, gizonezkoekin alderatuta askoz urriagoa da”. Gauzak horrela, ikerketa askok beherakada agerian utzi dute, adin tarte guztietan gainera.
Arrakala hori murritzagoa izan dadin, Parean elkarteak konpromiso argia du. “Ez da soilik kirola probatzeko aukera bat. ‘Zuretzat ere bada espazio hau’ esateko modu bat da”, adierazi du Llorentek. Agerraldian izandako klubek mezu bateratua adierazi dute: emakume gehiago kirolean nahi ditugu.

