Guztion Alardea: "Alderdi guztien adostasuna espero genuen"
Guztion Alardearen ekimenez, Hondarribiko Udalak lehenengoz emakumeek Alardean parte hartzearen aldeko eskaera bat onartu du. Abotsanitzek eta EH Bilduk mozioaren alde egin zuten; EAJk eta PSE-EEk ez zuten bozketan parte hartu.
Guztion Alardea babesten dutenen artxiboko irudia da honakoa, 2022koa. Apirileko udalbatzarra egin zuten atzo arratsaldean udalbatza osatzen duten hamazazpi zinegotziek. Aztergaien artean, Guztion Alardeak aurkeztutako mozioa, 365 emakumek Alardean parte hartzeko eskaerarekin. Gobernu taldearen aldeko botoekin (Abotsanitz eta EH Bildu) aurrera atera zen eskaera. EAJko eta PSE-EEko hautetsiek ez zuten bozketan parte hartu. “Alde batetik adierazi nahiko genuke oso pozik gaudela udalean gehiengoa duten alderdiek aurkeztu dugun mozioa onartu eta babestu dutelako, baita Hondarribiko
herritarrengatik jaso dugun babesagatik ere. Lehenengo aldia da udalak onartzen duela emakumeek Alardean parte hartzeko eskaera bat”, esan dute Guztion Alardeko kideek, udalbatzarrean gertatutakoen gaineko lehen balorazioa egiteko.
Oposizioan diren alderdien jarreraren gaineko kezka agertu du, ordea, Guztion Alardeak: “Harriduraz eta tristuraz hartzen dugu EAJk eta PSE-EEk mozioari, Hondarribiko herritarrei eta instituzioari berari egindako errespetu falta. Izan ere, bi udal talde hauek ez dute bozketan parte hartzearen ardurarik sentitu. Ez baiezkorik, ez ezezkorik , ez abstentziorik”.
Hala, sentsazio gazi-gozoarekin dira atzokoaren ondorik Guztion Alardekoak, espero zutelako euren mozioak alderdi denen bultzada izatea. “Ez dugu ulertzen nola berdintasunaren aurkako horrelako mezuak eman daitezkeen gaur egun, batez ere herritarrak ordezkatzen dituzten zenbait alderdi politikoren eskutik”.
Hurbilen duten erakundean eskaera onartuta, harago joateko asmoa adierazi du Guztion Alardeak. Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozarekin eta Imanol Pradales lehendakariarekin bildu nahi dute, Alardeari buruz taldeak duen iritzia eman, eta soluzioaren bidean urratsak egin daitezen konpromisoa eskatzeko. “Urteak igaro dira gatazka hasi zenetik , eta bada garaia Alardearen aferari irtenbide bat emateko. Hondarribiko gizartea, Euskal Herriko gizartea bezala, aldatuz joan da urte hauetan eta ziur gaude, instituzioen bultzadarekin denontzat onuragarria izango den konponbidea topatuko dugula”. Bi agintariei jada egin dizkiete bilera eskaerak.
EAJk eta PSE-EEk esandakoei kritika
“Harridura eta tristura”. Hori da Guztion Alardeak EAJk eta PSE-EEk plenoan egindako interbentzioen gainean egindako balorazioaren goiburua. Batetik mozioaren bozketari muzin egin ziotelako, eta bestetik, oposizioan diren bi alderdi horiek esandakoek mindu dituelako. “EAJk elkarrizketaren kultura babesten duela esan eta jarraian adierazi du udalbatza ez dela toki egokia horrelako eskaera bat egiteko . Sinestezina iruditzen zaigu udalbatzarrean, heritarren ordezkariak bildu eta herriko gai garrantzitsuenen gaineko erabakiak hartzen diren gune nagusian, aurkeztu den mozioarekiko inolako argudiorik eman ez izana”.
PSE-EEren kasuan, Guztion Alardeak adierazi du haien taldeak aurkeztutako sinadurei “balioa eman eta errespetua adierazi” ziela, baina sozialisten ustez mozioak ez omen du zerikusirik udalaren ardurekin. Guztion Alardearen erantzuna: “Nola ez duela udalak izango Alardean ardurarik? 1639tik udalak antolatu du Alardea. 1990. urtean ere udalbatzak Alardearen Ordenantza onartu zuen. Gatazka hasi zen urteetan Alardea esku pribatuetan uztearen ardura ere dauka eta, gaur egun, funtsezko papera izaten jarraitzen du”.

