Ospitaleko egoeraren salaketara atxikitu da Abotsanitz
Osakidetzaren konpromiso falta salatu du herri batzarrak, eta egoera "onartezina" dela adierazi.
Osasun Bidasoa plataformak Bidasoko Ospitaleko egoera salatu zuen aurreko astean, eta horren harira, Abotsanitz herri batzarrak bere egin du salaketa. “Onartezina den errealitate bat”, hala deskribatu du Abotsanitzek Bidasoko eskualdearentzat osasun-arreta hobetzeko Osakidetzak egindako promesen ez-betetze sistematikoa.
Osakidetzaren konpromiso falta salatu du Abotsanitzek. “Osakidetzak publikoki hitz eman zuen, atentzio pediatrikoa, itxaron-zerrendak laburtu eta azpiegituretan inbertsioak egingo zituela, urgentzia pediatrikoen itxieraren ostean. Baina tamalez, gaurko egunez, egoerak hobera egin baino, okerrera doa”, esan du Abotsanitzek ohar bidez. Gabeziak zerrendatu dituzte: pediatren gabezia, anbulatorio- atentzio urria, haurren osasun mentalean gabezia nabarmenak, itxaron-zerrenda onartezinak eta hitz emandako obren ez-betetzea.
Haserrea erakutsi nahi izan du Abotsanitzek. “Abotsanitzetik gogorarazi nahi dugu 2024ko urrian, jarrera-aldaketa eta lehen baikortasun printzak ikusten hasi ginela, Osakidetzak harturiko konpromisoak zirela eta. Edo hori sinestarazi nahi ziguten. Gaur, urte t ́erdi beranduago, pediatria-urgentziak itxita eta beste ez-betetze batzuk eman direla eta, gure haserrea besterik ezin dugu adierazi”.
“EAJk ihes egiteko apustua egingo du”
Hondarribiko EAJ-PNVk buzoneatu duen Zurekin esku orrietan gogorarazi du “gobernatzea ez dela bakarrik promesak egitea: erabakitzen den guztia ondo azaltzea eta erantzukizunez onartzea dela” eta “ikustea egin diren mila promesa ez direla bete. Herriak jarrera zintzoago bat merezi duela”. Abotsanitzek dio titular horiek “jeltzaleen hipokrisia eta inkoherentziaren enegarren adibidea da”, baina haien hitzak beudenak egin nahi izan ditu herri batzarrak, “kasu honetan, osasun publikoari aplikatuz. EAJ-PNVk zuzentzen duena, alegia”.
EAJren autokritikarik ez dutela espero esan du Abotsanitzek, “baizik eta aurreraka ihes egitearen apustua”. Abotsanitzek herritarren aldarrikapenak babesten jarraituko duela adierazi du, eta etorkizuneko mobilizazioekin bat egiten jarraituko dutela.

