Txistorra, txistorra eta txistorra
San Tomas eguna da igandekoa, eta jendea jada txistorrarekin amesten hasi da. Hondarribiko Udalak egun osoko programazioa antolatu du.
San Tomas eguna gainean da. Harategiak txistorrik gabe geratzen ari dira. Baserritarren ekimenez sortutako eguna festa handi batean bilakatu da jada, eta Euskal Herri osoan ospatzen da. Bada, Hondarribian ere. Azken urteetan, San Tomas eguna indartzeko apustua egin du Hondarribiko Udalak, hainbat ekitaldi antolatuz. Aurten ere, hala izango da. Txistorra da eguneko protagonista, baina ez bakarra.
Donostiara haien errenta ordaintzera hurbiltzen ziren baserritarrek sortu zuten San Tomaseko ohitura, hiribururako bidaia bertan haien produktuen azoka egiteko aprobetxatzen zuten eta. Hori horrela, baserritar azoka izango da igandean San Pedro kalean, 09:00etatik aurrera. Denetariko produktuak aurkituko dituzte bertaratutakoak, barazkietatik postre goxoetaraino. 12:00etan kalejira egingo dute Hondarribiko Musika eta Dantza eskolako ikasleek trikitiekin eta txistuekin.
Herri kirola 13:00etan. Mikel Lopetegi “Urra” eta Odei Izeta V harriak jasotzen arituko dira eta Aratz Mugerza eta Arkaitz Etxebeste aizkorekin. Santiago kalean egingo dute. Umeek ere izango dute haien jolastokia, arrantzale auzoan. Egurrezko jolasak izango dituzte eskuragarri. 18:30ean Klink elkarteak dantza emanaldia eskainiko du, eta 20:30ean erromeria izango da, Amets Arzallusen eta Arkaitz Allurren eskutik. Egunean zehar txoznak irekiak egongo dira.

