Positiboki baloratu ditu PSEk Guadalupeko gotorlekuko lanak
Europako Batasuneko funtsekin egindako lanak aukera emango dute kultura eskaintza aberasteko, besteak beste, sozialisten ustez.
Poztasunez agertu da Hondarribiko PSE-EE, Guadalupeko gotorlekua birgaitzeko eta mantentzeko lanen aurrean. Ostiralean egin zuten udal taldeek bisita bertara, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuarekin eta komunikabideekin batera. “Jarduera honek erakusten du ondo bideratutako politika publikoek ondarea babes dezaketela, aukera kultural berriak sor ditzaketela eta turismo-jarduera modu jasangarrian indartu dezaketela”, adierazi dute sozialistek.
Europako Next Generation funtsetatik jasotako 300.000 euroko diru laguntzarekin osatu dituzte lanak, eta sozialisten ustez, positiboki baloratu beharreko elkarlana da hori. PSE-EEtik, gogorarazi dute “Guadalupeko gotorlekua memoriarako leku sinbolikoa izan behar dela, herritar askok kartzela pairatu zutela eta eskubideak eta askatasunak defendatzeagatik hil zituztela gogorarazteko”.
Santiago Bidearen eragina
Santiago Bidearen inguruan egindako laguntzen barruan sartu dira lanak, zehazki Xacobeo Turismo Plan Nazionalean aurreikusten diren Interes Kulturaleko Ondasunak berreskuratzeko laguntzetan. “Lan horiek aukera emango dute kultura-eskaintza aberasteko eta udalerriko kokagune enblematikoenetako bati eta askatasunaren aldeko borrokaren sinboloari balioa emateko”, adierazi dute sozialistek.

