Guadalupeko gotorlekua biziberritu dute, bere izaera berreskuratuz
Lau hilabetez mantentze eta birgaitze lanak egin ondoren, gotorleku berritua bisitatu dute gaur ordezkari politikoek. Oraindik itxita izango bada ere, "herritarrentzako espazio bat" izatea nahi du udalak.
Lau hilabeteko lanen ondoren, egun batez bada ere, eraberrituta zabaldu ditu ateak gaur Guadalupeko gotorlekuak. Gotorlekua bera hobetu eta biziberritzeko lanak bukatuta, bisita gidatua egin dute gaur Igor Enparan alkateak, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak eta zenbait ordezkari politikok. Haiekin izan dira lanen ardura hartu dutenak eta hedabideak.
Hurtado erakunde ezberdinen arteko lankidetzan jarri du fokua, eta Enparanek bide beretik jo du: “Hau elkarlanaren ondorioz izan da posible. Obra hauek balio izan dute herrian dugun ondre berezi hau berreskuratzeko. Uste dut hondaribiar askok sakonki ezagutzen ez dugun ondarea dugula hemen”. Orotara, 300.000 euroko diru partida jaso dute lanetarako Europako Funtsetatik, obrak osorik estali dituena.
Alkateak zenbait datu eman ditu. Gotorleku mitilitar bat izan zela aipatu du, eta mende batean zehar jasandako eraldaketek gotorlekua bera desitxuratu zutela. Orain, lan hauei esker, gotorlekuak “bere izaera berreskuratu” duela esan du: “ondare honen historia hobeto ulertzeko aukera gehiago ditugu orain”, erantsi du. “Iaz 1.200 lagun pasa ziren hemendik, eta horrek erakusten du interesa dutela herritarrei”.
Hobekuntzei erreparatuta, hainbat izan direla aipatu dute gaurko bisitan. Egindako lan nagusien artean, hormak eta parapetoak kaltetzen zituen landaredia kendu da, ezpondak eta malkarrak egonkortu dira, eta hobiak eta hezurdurak garbitu dituzte, drainatze ahalmena berreskuratuz eta barrualdeko hezetasunak saihestuz. Lan hauek “jauzi kualitatiboa” ekarriko dutela erantsi du alkateak, “ez bakarrik lanen dimentsioagatik, baizik eta publikoari espazio berriak irekitzea ahalbidetuko duelako, segurtasun eta fideltasun historikoko bermeekin. Altxor bat dugu hemen”.
Herritarrei irekia
Gaur zabaldu badute ere, publiko zabalari itxita egongo da gotorlekua momentuz (asteburuetan izan ezik, bisita gidatuak egiten baitituzte). Etorkizun hurbil batean “herritarrentzako espazio bat” izatea nahi du udalak, guztiz zabalik egongo dena: “egindako lan hauek ez daitezela gelditu biziberritze proiektu honetan bakarrik, etorkizunera begirako herritarrentzako espazio bat irabaztean baizik”. Honi lotuta, alkateak nabarmendu du garrantzitsua dela Guadalupeko gotorlekua oroimen demokratikorako leku gisa aitortzea: “Hemen errepresioa eta sufrimendu uneak bizi iza ziren. Askatasuna kendu zietenen oroimena bizirik mantentzea eta omenaldia egitea garrantzitsua iruditzen zaigu, haien sakrifizioarekin gaur egun ditugun oinarrizko eskubideak lortzen lagundu baitzuten”.

