Ertamerikako komunitateen giza eskubideak ezbaian
Mugarik Gabe elkarteak Bizitza Jokoan egitasmoaren bigarren fasea aurkeztuko du. Fase honetan, Guatemalako, Honduraseko eta Mexikoko jazarpen kasuak aurkeztuko dituzte.
Herriz herri zabaltzen ari da Bizitza Jokoan 2 egitasmoa. Mugarik gabe Krisi klimatikoa dela eta, lurra, bizitza eta eskubideak jokoan daude. Mugarik Gabe elkarteak Bizitza Jokoan egitasmoaren bigarren fasea aurkeztuko du CBAn. Erakusketa hilaren 22tik urtarrilaren 8ra bitarte egongo da ikusgai. Mugarik Gabek Hego eta Ertamerikako giza eskubideen eta naturaren eskubideen urraketak ditu lanerako gai. Bigarren fase honetan, Ertamerikako beste hiru kasu ikertu eta horiei zabalkundea eman nahi diete. Xabier Martinez Mugarik Gabe elkarteko kideak Bizitza Jokoan egitasmoari jarraipen logikoa eman nahi izan diotela esan du.
Kasuen ikerketa sakona egin ostean, ikerketa osorik publikatu dute liburu formatuan. «Hala ere, argi daukagu publiko zabal batera heltzeko beste formatu erakargarriago eta irakurterraza erabili behar genuela». Erakusketaz gain, webgune dinamikoa ere prestatu dute, azalpen labur eta diseinu erakargarriekin. Kasuak dokumentatzeko hainbat kubo eta tamaina desberdinetako panelak erabiliko dituzte. Panelekin batera, txosten laburrak daude azalpen argiagoak emateko.
Egitasmoa 2021ean sortu zen, eta berdez jantzitako gobernu eta enpresen hipokrisia agerian uztea da euren xedea. Martinezen hitzetan, kasu hauek “paradigmatikoak” dira, eta zabaltzeko beharra ikusten dute eremu horretan. Lehenengo fasean lau kasu aukeratu zituzten, eta honetan, berriz, hirutan jarri dute fokua. Munduan eskubide urraketak ematen diren kasu ugari daude, eta askok ez dute oihartzunik. Milaka kasu daude munduan Nazio Batuen Erakundearen eskubideak errespetatzen ez dituztenak. Horietako batzuen adibideak dira Irunera hilaren 22tik aurrera iritsiko direnak.
Herritar orok oinarrizko eskubideak ditu, baina herritar askok ezin dute hori bermatu. Europako enpresa ugarik egin dituzten proiektu askok herritar ugariren bizitzak zapuztu ditu Ertamerikan. “Proiektu bat egin nahi dutenean herritarren hitza ezinbestekoa da, eta askotan ez da kontsulta eskubidea bermatzen”, adierazi du Mugarik Gabeko kideak. Batez ere, herri indigenetan eman ohi da urraketa, nahiz eta munduko beste leku askotan ere gertatu halakoak. Bestalde, lurralde osasuntsu batean bizitzeko eskubidearen urraketak ere islatu nahi izan dituzte. Fase honetan islatu nahi izan duten azkenengo eskubide urraketa, lurraldea bere horretan defendatzeko eskubidea izan da.
Hiru eskubide urraketa horiek islatzeko Guatemalako, Hondurasko eta Mexikoko hiru kasu ikertu dituzte. Estraktibismoa da nagusi hiruretan. Horretarako, hara joan ziren herritarren istorioak eta irudiak Zoiartze Puente artista bilbotarrak ilustrazio bilakatu ditu erakusketarako. Lurra eta naturaren defendatzaileen erresistentzia eta borroka erakusten dute.
“Guk argazkiak pasa dizkiogu, eta irudi horiek Pacman jokoarekin lotura eginez ilustratu ditu Puentek”, azaldu du Martinezek. Pacman-aren irudiarekin Europako enpresek Ertamerikako lurraldeetan egiten duten estraktibismoa azaldu nahi izan dute modu ahalik eta ulerterrazenean.
Leku gehiago, zabalkunde zabalagoa
Erakusketaren zabalpenari dagokionez, itxaropentsu dago Martinez. “Orain Irunen aurkeztuko dugu, baina martxoan Hondarribian ere izango gara. Gure asmoa da Euskal Herriko ahalik eta toki gehienetan egotea”. Erakusketak liburutegietan antolatzen dituzte publiko zabalagoa ekartzeko aukera ematen baitu horrek. Gainera, nabarmendu nahi du erakusketa guztietan kaxa bat jartzen dutela jendearen iritziak jasotzeko. “Jendearengandik ere ikasi egiten dugu”.
Hiru kasuetatik lehena El Estor: asmo txarreko kontsula da. Guatemalako Izabal departamenduko El Estor udalerrian meatzaritza proiektu estraktibista egiten ari dira. Hango gehienek proiektuaren aurkako iritzia dute, eta hori dela-eta jazarpen eta kriminalizazio prozesu betean murgilduta daude herritar ugari. “Estatua eskubideak gauzatzearen edo bortxatzearen arduradun nagusia da”.
“Bertan eraiki duten megaproiektu honen atzean Solway Invesment enpresa dago, eta enpresa honek Siemens, Bosch eta Ikea enpresei nikela saltzen die”, argitu du Martinezek. Irregulartasunez betetako prozesua izan da. 2020an herritarrek lehen aldiz izan zuten aurreneko galdeketa, eta galdeketa horrek setio-egoera ekarri zuen.

Egitasmoa gazteengana heltzea da haien helburua.Mugarik Gabe
Biolentzia handiko ekintzak
Guatemalatik gertu, Hondurasen hain zuzen, estraktibismoak ere tokia du. Guapinol ez da ibaia bakarrik da aztertu duten bigarren kasua. Carlos Escaleras parke nazionalean dagoen burdin meategiaren aurka egiten dute Guapinolek, eta sortu duten kanpamenduan bizi dira. “Kasu oso bitxia da, gogorra”. Egitasmoari aurre egiteko erresistentziaren buru emakumeak izan ziren, eta tartean euren lurraren 27 defendatzaile erail dituzte. Borroka oraindik ez dute bukatu, ordea: “Kasu honetan argi ikusten da lurraren defendatzaileek eta kolektiboek aurrez aurre duten jazarpen eta zaurgarritasun egoera”.
Hirugarren kasuan ere mehatxuak eta erailketak izan dira nagusi. Mexikora egin dute bidaia Mugarik Gabeko kideek, Tarahumara mendilerroa: eskubideak defendatzea bizitza jokoan denean kasuari oihartzuna emateko. Egoera ez da berria, eta irtenbiderik ezean, hango biztanleak sorlekutik lekualdatzera behartuko dituzte.
Kasu horiei irtenbidea topatzeko oihartzun mediatikoa ezinbestekoa da. Martinezek argi du horietan Europako enpresak inplikatuta daudenez, zaila dela kasuak zabaltzea: “Kasu hauek ez dute inolako oihartzunik Europan, ezta zabalpenik ere”. Bizitza Jokoan-en bitartez, eskubideen urraketak bertan zabaltzea nahi dute, jendeak jazarritako biztanleen egoera zein den jakin dezan.

