Goraka begira dabil Hondarribiko Futbol Elkartea
Gorengo Erregional Mailako bigarren postuan jarri da gizonezkoen lehenengo taldea, 2006ko gazteen laguntza apartarekin. Klub herrikoi batean belaunaldi on batek duen garrantzia erakusten ari dira.
Silanes eta Larreta, Ondartza futbol zelaian. Bide onean doa HFE Hondarribiko Futbol Elkartea. Gizonezkoen lehen taldea, Gorengo Erregional Mailako bigarren postuan dago, Ohorezko Erregional Mailari begira, hein batean, 2006ko gazteek aurten eman duten bultzadarengatik. Baina azpitik, klubean hainbat talde dabiltza lehian, futbol eskolatik gazteen mailaraino. Mikel Silanes gazte mailako bigarren taldearen entrenatzaile moduan dabil, atezain moduan klubeko talde guztietatik pasa ondoren. Javi Larreta, aldiz, futbol eskolako koordinatzailea da, eta 25 urte daramatza futbol elkartearentzat lanean. Ederki ezagutzen dute Ondartza futbol zelaia, eta bertan bildu dira HITZArekin.
Zer nolako pisua du belaunaldi on batek futbol elkarte herrikoi batean?
JAVI LARRETA: Klub honek hainbat aldaketa izan ditu bere ibilbidean. Belaunaldiek duten garrantzia azaltzeko, ni hona etorri nintzenekoa kontatuko dut. 2001. urtean iritsi nintzen Hondarribia Futbol Elkartera, gizonezkoen lehen taldea entrenatzera. Momentu hartan, polemika baten inguruan zebiltzan zuzendaritzakoak. Taldearen erdia hondarribiarra zen eta beste erdia irundarra. Taldea oso lehiakorra zen, eta hori bera lehenesten zen. Baina zuzendaritzak erabaki bat hartu zuen: klubean herriko jokalariak lehenestea, eta lehen taldea hondarribiarrez osatzea. Horrela, lehiakortasuna jaitsi egingo zen, eta bazekiten, baina apustu hori egin zuten. Urte batzuk kili-kolo aritu zen taldea, baina azkenean mailaz jaitsi egin ziren. Soilik herriko jendeaz osatutako talde bat edukiz, oso zaila da maila mantentzea, klubak eta herriak dituen pertsona kopuruagatik. Gainera, azken urteetan maila ona erakusten duten jokalariek beste talde hobeagoetara joateko erabakia hartzen dutelako.
Horregatik oso garrantzitsua da belaunaldi on bat. Gazte horiek lehiakorrak badira, maila ona badute eta klubean gelditzea erabakitzen badute, lehen taldera iristean, asko nabaritzen da. Lehen taldeari plus bat ematen diote, aurreko urteetan eduki ez duena. Orain hori da kasua, 2006ko belaunaldiarekin. Maila ona dute, ia denak hemen geratu dira, eta garrantzitsuena, oso lehiakorrak dira.
Arrauna gailendu izan den herrian, orain futbolak du nagusitasuna.
MIKEL SILANES: Gauzak aldatzen dijoaz. Duela urte batzuk, talde gutxiago zeuden elkartean. Lehen, kimu mailan soilik bi talde zeuden adibidez, eta haurren mailan bi. Orain, aldiz, haurren mailan beste bi talde daude, kadeteetan beste bat eta gazteen mailan beste bat. Orain hamasei hamazazpi urteetara arte jokatzeko aukera dute, eta horrek gazte gehiago erakartzen ditu. Horrez gain, nire ustez, futbola da gehien harrapatzen duen kirola, eta gaztetatik hasita, hori argi ikusten da. Ez da soilik Hondarribiko gauza, munduan globalizatu den ohitura da haurrak txikitatik futbolean hastea.
LARRETA: Horren harira guk kezka handia izan dugu beherakada demografikoarekin. Uste genuen haur eta gazte gutxiago izango genituela, orotara gizartean gutxiago baitaude. Egia da Hondarribian ez dagoela hainbesteko beherakada, baina gure harridurarako, berdin mantentzen gara. Ez dugu ia ezer nabaritu, oraindik ere haur askok futbola aukeratzen dutelako.
SILANES: Nik uste badela izaera sentimendu indartsu bat gazteengan, herriko taldearekiko. Ikusten ditugu nola etortzen diren lehen taldearen partidak ikustera, eta baita ere beste mailatakoetara. Badira beste talde batzuen deiak jasotzen dituztenak, baina ezezkoa ematen dutenak, HFEren alde. Hori gainera, oso garrantzitsua da jokatzerakoan. Klubarekiko sentimendua duenak gogo gehiagorekin jokatuko du.
Kluba handitzen doa, baina badago mugarik?
LARRETA: Gu pribilegiatu batzuk gara, gure kirol instalazioak soilik guretzako direlako, ez dugu inorekin partekatu beharrik. Baina momentu honetan mugara iritsi gara. Ditugun ordu guztiak beteak ditugu, elkarteko talde guztiek dutelako entrenatzeko beharra. Era berean, badira entrenamendu gehiago behar dituzten taldeak, maila ona erakusten dutelako, eta horri eutsi nahi diogulako. Baina, orain, ezinezkoa dugu denen beharrak asetzea, gure entrenamendu sistema guztia birplanteatu beharko genuelako. Horregatik, gure zelai nagusiaren aldatze proiektuaren zain gaude, gure entrenamendu espazioak handitzeko aukera izan dezagun.
Zelai bat gehiago izanda, agian kimu talde bat gehiago izan ahalko genuke, adibidez, gaur egun gazte askok ezin dute eta klubean jarraitu, ditugun mugak direla eta. Horren harira, gure politika argia da: ez ditugu fitxaketak egiten. Urtero hainbat taldek eskaintzen dizkigute jokalariak, baina guk ez ditugu onartzen. Gure jokalariak albo batera utzi behar baditugu, nola onartuko ditugu kanpokoak, ez du zentzurik.
Aipatu duzu gazte batzuek beste talde batzuetara joateko erabakia hartzen dutela. Zuen aldetik, badago gazte horiek mantentzeko saiakerarik?
LARRETA: Nik 25 urte daramatzat talde honetan, eta 15 urte inguru koordinatzaile moduan. Lehen, jokalariak klubean mantentzen ziren, gure maila baxuagoa zenean. Baina futbolaren fenomenoa Hondarribira ere iritsi da. Lehen Donostin edo Irunen gertatzen zena, orain guk ere hemen dugu. Lehen gazte edo senior mailetan mugitzen ziren jokalariak taldez talde, baina orain, kimu edo haur mailetan ere badira mugimenduak. Emakumezkoetan ere talde aldaketa asko ikusi ditugu azken urteetan, eta hori lehen pentsaezina zen.
Haur batek edo haren gurasoek beste talde batera joateko erabakia hartzen dutenean, haiekin biltzen gara. Haurrarentzat edo gaztearentzat erabaki onena zein den jakitea da gure helburua, eta inoiz ez dugu arazorik izan. Hemendik irteten diren jokalari guztiek klubera itzultzeko ateak irekiak dituzte beti. Ez dugu jokalarien beharra, baina, askotan, horrelako erabakiek gure lehiakortasun maila jaitsi egiten dute. Halere, taldez eta gure kasuan herriz aldatzen diren jokalariek oso argi eduki behar dute erabakia, eta era berean bere gurasoek ere. Seguru aski haien lagunak hemen daude, haien giroa hemen inguruan sortzen dute, eta hori gaztaroan mantentzea garrantzitsua da.
Zuk bizitza osoa daramazu futbolari lotuta. Jokalari moduan hasi zinen, maila guztietatik pasata, eta orain entrenatzaile moduan jarduten duzu. Zer da zuretzat HFE?
SILANES: Nik urte bat egin nuen arraunean, aita arraunlaria izan delako, baina bederatzi urte ingururekin hasi nintzen futbolean. Kimu mailan hasi nintzen, eta hortik aurrera maila guztiak jokatu ditut, atezain moduan. Lehen taldera ere iritsi nintzen. Hamalau urterekin hasi nintzen entrenatzen, kasu hartan Javiri laguntza eskainiz. Bere alboan eman nituen bi udara, futbol eskolan haurrekin, eta ondoren udan ez ezik, neguan ere entrenatzaile modura jarduten hasi nintzen. Haur mailak entrenatzen hasi nintzen, ondoren kadeteak izan ziren, eta orain gazte mailako bigarren taldea daramat. Niretzat nire bizitzako arlo garrantzitsuena izan da, eta oraindik izaten jarraitzen du, dudarik gabe.
Hemezortzi urte inguruko gazteekin zabiltza orain. Haiengan ardura handia duzula sentitzen duzu?
SILANES: Sentitzen dut bai. Azken finean, haien entrenatzaile izanda, batzuetan erreferente moduan jardun behar duzu, nola jokatu behar duten azalduz edo aholkatuz. Ni ere inguru honetan ume txiki baten modukoa naiz, asko disfrutatzen dudalako. Gazteekin aritzea gustukoa dut, askotan txantxetan, baina serio egon behar garenean hala jokatuz. Uste dut, gainera, jokalariak gustura daudela gurekin, eta hori ezinbestekoa da.
Azken urteetan gizonezkoen lehen taldean aldaketa asko ikusi dira, bai zelaian baita ere entrenatzaileetan. Zaila da talde finko bat mantentzea?
LARRETA: Zaila da, bai. Kontuan hartu behar dugu taldea maila bat gorago egongo balitz errazagoa izango litzatekeela, erakargarriagoa izango zelako. Geroz eta okupazio gehiago ditugu egunerokoan, eta zaila izaten da aldi berean hainbat gauzetan aritzea. Gainera, esan beharra dago orain jendeak azkarrago uzten duela futbola. Lehen 30 urteko jokalariak ikusten zenituen gure mailetako zelaietan, baina orain gutxi dira. Duela urte batzuk, federazioak iragarri zuen, abandonu goiztiar bat antzematen zuela jokalarietan. Orain haurrak geroz eta lehenago hasten dira jokatzen, baina era berean, lehenago uzten dute. Hamasei urteetatik aurrera, gutxi gora behera, jokalariek alde batera uzten dute futbola. Baina utzikeria horrek baditu bere abantailak. Bere ingurukoak joaten direnean, taldean geratzen den jokalariak harreman estua erakusten du taldearekin. Konpromisoa oso garrantzitsua da, eta horrek badu eragina taldearen kirol mailan.
Momentu ederrean dago lehen taldea. Nola aurreikusten duzu denboraldia?
SILANES: Nik asteartetan entrenatzen dut haiekin, eta oso ongi ikusten ditut. Etxeko jokalari asko ditugu, haietako batzuk beste talde batzuetara joan ondoren itzuli egin direnak. Irungo batzuk ere etorri egin dira, lehen taldean malgutasuna badago eta kanpoko jokalariak ekartzerakoan. Esan bezala, 2006ko gazteak zutabe garrantzitsua eraiki dute, maila ona dutelako eta garrantzitsuena, oso lehiakorrak direlako. Nere ikuspegitik, ona edo txarra izan, futbolean garrantzitsuena lehiakortasuna da, sentimendu hori edukitzea. Gainera, giro aparta dago taldekideen artean, multzo sendoa eraiki dute eta. Zelaian zure ondoan dagoena zure laguna bada, harreman hobea izango da, eta taldea laguntzerakoan gogo handiarekin arituko zara. Nire ustez, mailaz igoko dira aurten.
Taldearen momentu onenaren erantzukizuna hein handi batean entrenatzaileak dauka. Javi Etxebestek hartu zuen ardura iaz, eta bide onetik darama taldea. Taldean dituen jokalari asko gazte mailan entrenatu zituen eta harekin batera igo ziren Gazteen Euskal Ligara. Beraz, badu harremana haiekin, eta ongi ezagutzen ditu.
Zein egoeratan dago emakumezkoen futbola HFEn?
LARRETA: Azken urteetan buruhauste asko eman dizkigun gaia da hori. Hemen emakumezkoen taldea sortu zenean, Gipuzkoa mailan oso gutxik zuten emanda pausu hori. Gainera, hasiera hartan maila oso ona erakutsi zuen taldeak, eta neska kopuru nahikoa genuen ongi jarduteko. Baina azken urteetan, aldaketa handia izan da. Neskek ez dute izena ematen futbolean, eta nire ustez, arraroa da, emakumezkoen futbolak aurrerapen handiak egin ditu eta. Baina zaila egiten zaigu haiek erakartzea. Orain, soilik bi neska ditugu eskolan. Haur mailako eta kadeteetako taldeak baditugu, eta gero, senior mailakoa. Azken urteetan maila oso ona izan duten neskak izan ditugu, baina kanpora joan dira, besteak beste Errealera eta Oiartzunera. Gaur egun, aukera asko daude kirola egiteko herrian, eta neska askok sortu berri den volley taldera joatea erabaki dute.
Badatoz atzetik maila ona erakutsi duten belaunaldiak?
LARRETA: Bagenuen itxaropen handia 2011koengan. Baziren bi jokalari maila oso ona erakutsi zutenak, baina hemendik kanpo joan dira, Errealera eta Antiguokora. Halere, uste genuen hemen geratzen zirenak ongi arituko zirela, baina konturatu gara ez dela osotasunean horrela izan. Badira ongi dabiltzanak, baina pisu handia zuten bi jokalari horiek, eta orain ikusten hasi gara. Askotan horrelako gauzak zorteak erabakitzen ditu. Badira ongi hasten direnak eta beherakada handia izaten dutenak, eta alderantzizkoak ere.

