Bilatu
Sartu
  • izan HITZAKIDE
  • nor gara
  • zozketak
  • eskaintzak
  • denda
  • hemeroteka
Bilatu
  • Albisteak
    • Gaiak
      • Aisia
      • Ekonomia
      • Euskara
      • Gizartea
      • Hirigintza
      • Ingurumena
      • Jaiak
      • Kirola
      • Kultura
      • Politika
      • Udala
      • Orokorra
    • Herriak
      • Hondarribia
      • Irun
    • Generoak
      • Albisteak
      • Editorialak
      • Elkarrizketak
      • Erreportajeak
      • Iritzia
      • Kronikak
      • Publirreportajeak
  •  Multimedia
    • Argazkiak
    • Bideoak
  • Agenda
    • Zerrenda
    • Hilabetea
    • Agendan parte hartu
  • Zozketak
  • Eskaintzak
  • Denda
  • ADIMEN ARTIFIZIALA
  • Zerbitzu gida
  • Nor gara
  • Argitalpen politika
  • Aniztasun politika
  • Pribatutasun politika
  • Cookieak
  • izan HITZAKIDE
  • nor gara
  • zozketak
  • eskaintzak
  • denda
  • hemeroteka
Sartu
Kultura
ALLENDE ARNAIZ GARMENDIA, sortzailea

"Jendeari deus ere ez sorrarazteak ematen dit beldur"

HITZAri eman dio bere emariaren zati bat sortzaile oiartzuarrak, hedabidearen 2026ko agendak nahiz paretako egutegiak, koadernoak eta poltsak haren sinadura daramatelako. Aurretik, ordea, bide luzea egina du.

Allende Arnaiz Garmendia.Imanol Saiz Gomez de Segura
Urko Etxebeste Petrirena
Bidasoa
2025/12/05

Sormena alde guztietatik. Allende Arnaiz Garmendiak (Oiartzun, 1974) bere arte lanen bidez ispilu antzekoak sortzen ditu, horien aurrean daudenek bere senti ditzaten sormen horiek. Ofizioz diseinatzailea da; izaeraz sortzailea, arte egilea, egiten duenarekin irrika sortzailea. HITZAren 2026ko agendan nahiz paretako egutegian, koadernoan edo poltsan hura denaren zati bat islatu du.

Sortzaile lanean hainbat esparru ukitu dituzu: argazkigintza, grabatua, serigrafia, liburugintza, ikus-entzunezkoen sorkuntza, ehungintza… Zeinetan zaude erosoen?
Azken urteetan grabatua eta serigrafia landu ditut gehienbat. Argazkilaritza garai batean landu nuen, baina egun argazkilaritza lanabes bat da niretzat grabatua eta serigrafia lantzeko batik bat. Ehuntze lanean ere ibiltzen naiz, baina etxean, lasaiago, eroso, horrek ez dit eskatzen une jakin batean zerbait hasi eta bukatu beharra. Serigrafiak eta grabatuak bai eskatzen dutela hasitako hori bukatzea, estanpatzen hastean dena segidan egin behar da, hasi eta buka.

Zer egin, eta horretarako zein teknika erabili, erabaki kontzientea izaten al da? Edo unean-unean ateratzen zaizuna egiten al duzu?
Gai bat lantzen ari naizenean, horrek teknika bat edo bestea erabiltzea eskatzen dit, lantzen ari naizen kontzeptuaren azken emaitza era batera edo bestera irudikatzen dudalako. Teknika bakoitzak emaitza ezberdina ematen baitu. Baina proiektu bakoitzak ez du zertan izan behar hori lantzeko teknika zehatz bat. Gauza da zu zeu zein teknikarekin sentitzen zaren gusturen, edo zein teknikak ematen dion kontzeptu horri, emaitza fisikoan, zuk nahi duzun izaera.

2002an zure bizitzan parentesi antzekoa egin zenuen. Frantziako hegoaldera joan zinen argazkilaritzan sakontzera. Zergatik?
Diseinu Grafikoko ikasketak egin nituen. Ikasketa horiek bukatzear nintzela Euskaldunon Egunkaria-n hasi nintzen lanean, han egin nuen gainera ikasketa horietako azken proiektua. 20 urte nituela hasi nintzen han, eta zortzi urtez jarraian izan nintzen lanean. Diseinu Grafikoa ikasi nuenean, argazkilaritza ere ikasgai genuen, nire ama ere argazkigintzan aritu zen gaztetan, eta horregatik ere gogoa nuen alor horretan sakontzeko. Egunkaria-n diseinatzaile lanean zortzi urte egin, eta eszedentzia hartu nuen Frantziako hegoaldean argazkilaritzan sakontzeko ikasketak egiteko, eta egonaldi horretan batez ere nire diseinatzaile alorra osatu nahi nuen.

Baina lanabes bat baino gehiago, nire sormenari aterabidea emateko beste era bat aurkitu nuen argazkigintzarekin. Beste mundu bat deskubritu nuen. Ordura arte, diseinu grafikoaren bitartez besteen lanak atondu edo ordenatzen nituen; argazkigintzarekin, aldiz, nire kezkak edo sormena ateratzeko beste era bat topatu nuen.

Argazkigintza ikasketak egin ondoren Artelekura joan nintzen serigrafia esperimentazio lantegi bat egitera, argazkigintzak beste materialtasun bat eskatzen zidalako, serigrafiaren bidez hori gauzatu nezakeela uste nuen; eta serigrafiak beste esparru zabalago bat ireki zidan.

Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n urte luzez lanean ibilitakoa zara. Orain HITZAko diseinu atalaren arduradun zara. Zer ematen ditu eguneroko prentsan aritze horrek?
Lanean, beti diseinu editorialean aritu naiz. Oso gustuko dut esparru hori, egunkariena, aldizkariena, edo liburuena alegia. Paperarekin lor daitekeen azken emaitza horrek asko erakartzen nau. Gustuko dudan ogibide batean lan egin ahal izatea ederra da.

Zure sormen proiektu propioetatik, edo lan esparrutik aparte, kolektiboan ere landu duzu zure sortzaile izaera. Adibidez, Errenteria-Oreretako Mikelazulon.
Garai hartako oso oroitzapen onak ditut. Ni hara iristerako, ordea, Mikelazulok jada bide luzea zuen egina. Artelekun artearen mundu jakin batekin egin nuen topo, hegemonikoagoa agian, eta ez ninduen asebetzetzen. Mikelazulon zebilen Idoia Beratarbide oiartzuarra ezagutu nuen orduan; gure amek elkar ezagutzen zuten, guk ez ordea. Oiartzunen egin zen erakusketa baten harira ezagutu nuen Idoia [Beratarbide], berak gonbidatu ninduen parte hartzera, eta Mikelazulora ere haren bidez hasi nintzen hurbiltzen. Han artea bizitzeko beste modu bat ezagutu nuen: elkarbanatzekoa, elkarrekin gauzak aurrera ateratzekoa, ez hain indibiduala. Oso polita izan zen hura niretzat.

Sortzaileen ‘ni’-a, ordea, beti hor dago. Zaila al da arte espazio konpartitu batean ‘ni’ hori kolektiboarekin partekatzea?
Besteekin zerbait egin nahi izan arren, beti bakoitzak bere tantatxoa jarri nahi izaten du, eta oreka bat bilatu behar da. Baina baldin eta kolektibo hori zer nolakoa den, edo zein jenderekin zabiltzan elkarlanean, gauzak errazagoak izan daitezke. Mikelazulon hori gertatu zen, erraza zen kolektiboaren zati izan eta lan egitea. Gaur egun Metrokoadrokan topatzen dut era kolektiboan eroso lan egiteko espazio hori.

Zer da Metrokoadroka zuretzat?
Lan kolektiborako eta indibidualerako espazioa da. Partekatzeko tokia da. Besteengandik asko ikasten duzu, besteek egindakoetatik elikatu egiten zara, eta ez da bakarrik norberarena sortzea; besteen lanari ere bultzada txiki bat emateko aukerak sortzen dira Metrokoadrokan. Ez naiz bertako kiderik aktiboenetakoa, baina oso onuragarri zait kolektibo horretan aritzea.

Oiartzuarra zara. Azken urteetan kultur loraldia izan da Oiartzunen. Zergatik?
Ez dut uste eztanda bat denik. Egun bizi dugun kultur loraldi hori ez da ezerezetik sortu den zerbait. 1970eko hamarkadan kultur eragile asko ziren herrian, Intxixu antzerki taldea eta gerora, 1990eko hamarkadan, Pagoarte adibidez. Beti izan da kulturgintzarako joera handia Oiartzunen. Hari bat badago. Agian, eta esango nuke COVID-19aren testuinguruan, kulturak garrantzi handiagoa hartu duela, gure aisia hain murriztua zegoen horretan kulturak eman zigulako arnasa. Iniziatiba asko sortu ziren koronabirusaren aroan, jarraipena izan dute, eta gainera, pozgarria da ikustea gazteak ere indarrez datozela.

Oiartzungo kultur ekosistema horren guztiaren barruan Ehuntze espazioa ere bada. Bertako kide zara. Zer da gune hori zuretzat?
Espazioa Idoia Beratarbidek eta Oier Guillanek sortu zuten. Aurretik Belutenen zegoen Ehuntze eta bertan ematen zituen Beratarbidek eskolak-eta; baina askoz gauza gehiago egiten hasi ziren han, trafiko handiko tokia zen. Espazio handiago baten beharra sortu zen. Beheko plazako lokala topatu, eta Metrokoadrokaren filosofiari jarraituz, espazio bital bat sortu zen. Niri, sortzeko tokia eman dit Ehuntzek, baina han badut ere norekin konpartitu nire lana, besteen begirada badut, nire sormen lanekin aurrera egiteko ezinbesteko zaizkidanak.

Sortzailea zara. Jendaurrean jartzen dituzu egindakoak. 
Zerbait egiten dudanean, lehenik, niretzat egiten dut. Ondoren erakusgai jartzen dut. Batez ere bilatzen dudana da nik egin dudan horren gainean norberak bere irakurketa propioa egitea. Badakit ikusleak ez duela nik sentitu edo adierazi nahi izan dudan hori zertan bizi. Artean, jendearen pasibotasunak ematen dit beldur, jendeari deus ere ez sorrarazteak ematen dit beldur. Arte lan baten aurrean jarri eta horrek zutaz zer esaten duen islatzea da interesgarria niretzat.

Etorkizuneko haziak ereiten

Zuhaitz enbor bat, sekzionatua. Egur zatiaren eraztunak agerian; erdialdekoak nabarmenduta daude, Oarsoaldeko lau herriek eta Hondarribiak nahiz Irunek airetik begiratua sortzen duten silueta irudikatuz. Barnealde horretako eraztunek HITZA-k kontatutakoak sinbolizatzen dituzte, herriz herri gertatu direnak jaso dituelako euskarazko hedabideak azken urteetan; zuhaitzen adina edo izaera definitzen duten eraztun horietako bakoitza, zuk egin eta HITZA-n agertu den zerbait da. Egitura horretatik kanpo eraztun gehiago, inperfektuagoak eta zabalagoak. Gertatuko direnak irudikatzen dira bertan, jazo ez direnak, HITZA-k kontatuko dituenak.  

«Eraztun horietan zuhaitzek kontatzen digute bizi izan duten guztia. Nolabaiteko hemeroteka bat dira; HITZA-ren egitekoarekin irudikatu nahi izan dut hori. Hitza, gure memoria jasotzen duen hedabidea delako, gure herrietako gauza txiki eta handien euskarazko hemeroteka», azaldu du Allende Arnaiz Garmendiak. Hark egin ditu hedabidearen 2026ko agendaren eta paretako egutegiaren, nahiz koadernoaren eta poltsaren diseinuak, enborra oinarri: «Egia da zuhaitza moztua dagoela. Baina ez dago hilda. Euskara baso bat bezala irudikatzen dut, eta euskararen baso horretan guk gure zuhaitza dugu. Prentsaren sektorea, baita HITZA ere bai, asko aldatzen ari dira. Ikusten dut gure inguruan ari garela nolabaiteko hazitxoak ereiten, eta noizbait baso inguru horretan haziak utziko ditu HITZA-k. Hori irudikatu nahi izan dut».

Enborraren eraztunak hainbat tokitan etenda daude, zartatuta. Pasaiako badia, Bidasoa ibaia, edo Aiako Harria izan daitezke zurigune horiek. «Euskararen kontrako oldarraldiek euskararen etena besterik ez dute nahi. Zail da egun euskaraz bizitzea. Agian, zartadura horiek euskarak bizi duen larrialdi egoera irudika dezakete, gu zatitzeko nahia, euskara haustekoa, transmisioa etetekoa. Baina gure hizkuntzaren pizkunderako itxaropenik bada». Gu sortu ginen enbor beretik, sortuko dira besteak Xabier Letek egin eta Mikel Laboak Izarren hautsa-n betikotu zuen letra du alboan enborrak, «etorkizuneko haziak ereiten leloa dute horren segidan sorkuntzek. Horrek du garrantzia, etorkizunak».

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.

Harpidetu

Datuak ondo jaso dira. Eskerrik asko.

Izen-abizenak eta posta elektronikoa sartu behar dira.

Posta elektronikoak ez du formatu zuzena.

Arazo bat gertatu da eta ezin izan da izena eman. Jarri gurekin harremanetan mesedez eta barkatu eragozpenak (Akatsaren kodea:).



Zerbitzu Gida

 

 

Agenda

Eguraldia

Iturria:tiempo.com

Azken 7 egunetako irakurrienak

 

 

 

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.

Harpidetu

Datuak ondo jaso dira. Eskerrik asko.

Izen-abizenak eta posta elektronikoa sartu behar dira.

Posta elektronikoak ez du formatu zuzena.

Arazo bat gertatu da eta ezin izan da izena eman. Jarri gurekin harremanetan mesedez eta barkatu eragozpenak (Akatsaren kodea:).

  • 943 34 03 30
  • oarsobidasoa@hitza.eus
  • Irun kalea, 8, Errenteria-Orereta 20100
  • Nor gara
  • Argitalpen politika
  • Aniztasun politika
  • Pribatutasun politika
  • Cookieak
Babesleak:
Hasi saioa HITZAkide gisa

Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.

HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA

Zure kontua ongi sortu da.

Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.

Sartutako datuak ez dira zuzenak.
Zure kontua berretsi gabe dago.
 
 
 
(Pasahitza ahaztu duzu?)
 
 
SARTU
 
Pasahitz berria ezarri da eta zure helbide elektronikora bidali da.
Sartutako datuak ez dira zuzenak.
 
(Identifikatu)
 
 
 
 
BIDALI
 

Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea

HITZAkide izan nahi dut
Aldatu zure pasahitza
Pasa hitza ondo aldatu da.
 
 
 
 
 
 
 
Aldatu
 
Oraindik ez zara HITZAkide?

Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.

Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.

HITZAkide izan nahi dut

Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.