Mirabal ahizpen omeneko tximeletak
Herriko eskolekin batera tximeletak jarri dituzte Emekiko kideek Martxoak 8 plazan, tximeleta ahizpak oroitarazteko xedearekin.
Azken urteetan egin duten moduan, herriko eskolekin eta bertako haurrekin elkarlanean aritu dira Emekiko kideak gaur goizean. Martxoak 8 plaza tximeletaz bete dute, 1960an erail zituzten Mirabal ahizpen omenean. Azaroaren 25ean hil zituzten hiru ahizpak, eta haien omenean ezarri zuten azaroaren 25a Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna. “Dominikar Errepublikako hiru ahizpa hauek tximeleta ahizpak moduan ezagutzen ziren, eta horregatik azaroaren 25eko ikur bilakatu dira tximeletak”, azaldu du Tamara Sastre Emekiko idazkariak.
Sastrek adierazi duenez, hasieran arrakasta gutxi izan zuen ekitaldia da tximeletena. Baina azken urteetan, eskolak gogotsu agertu dira, eta urtez urte, tximeletak jartzeko sarea handiagoa egin behar izan dute. “Eskolei eskatzen diegu lanketa egitea, egun honi buruzko lanketa. Azaltzea zer den egun hau, nondik datorren eta zergatik egiten den”.
Tximeleta sareak mezu ezberdinekin bete dituzte. Zure ahotsak balio du, Berdintasuna da bidea, Aski da! edo Libre gara leloak ikusi dira Martxoak 8 plazako sareetan. Ez dute egun erraza izan, euriak protagonismo handia hartu baitu 11:00etan, egitasmoa hastekoa zenean. Baina halere, haurrak eta gazteak bertaratu egin dira, A25arekin duten konpromisoa erakutsiz.
Hona hemen Emekiren eta Hondarribiko Udalaren partetik HITZAk jasotako irudiak:

