INDARKERIA MATXISTA

A25aren atarian adierazpen instituzionala argitaratu du Irungo Udalak

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da bihar –hilak 25–, eta adierazpen instituzionalean zenbait konpromiso adierazi ditu udalak.

“Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna dela eta, gogora ekarri nahi dugu indarkeria matxistak beldur eta lotsa giroa sortzen duela, eta horrek indarkeriaren biktimak isolatu eta isilarazteko joera duela. Ondorioz, biktimagileek zigorgabetasun sentipena areagotu egiten da. Egoera horiek maizago gertatzen zaizkie isolatuago dauden emakumeei, dela babes sarerik ez dutelako, dela gizartean oso errotuta ez daudelako”. Horrela hasten da Irungo Udalak Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren bezperan argitaratu duen adierazpen instituzionalean.

Adierazpenean azaldu dutenez, “komunitate feministak” babesa eman diezaieke “indarkeriari aurre egiten ari diren emakumeei”, eta, bide horretan, gehitu dute udalak “zuzeneko erantzukizuna” duela “gure auzotarrak, taldeak eta kuadrillak indarkeria matxistaren aurrean erne egongo direla bermatzen”.

Hori horrela, Irungo Udalak honako jarduketa batzuk egiteko konpromisoa adierazi du:

  • Tokiko eta gertuko sareak indartzea.
  • Kanpotik datozenentzako harrera eta integrazio programak garatzea.
  • Babes sareak sustatzea.
  • Sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak antolatzea emakumeen kontrako indarkeria matxistari garrantzia kentzen edo zilegitasuna ematen dioten diskurtsoak eta jarrerak desaktibatzeko.
  • Indarkeria matxistaren kontrako herritarren mobilizazioa sustatzea.
  • Kanpainak egitea eta aliantzak bilatzea kuadrillekin, sexuen arteko berdintasunezko harreman osasungarrietarako kodeak eraikitzeko, beren dibertsitate osoan, eta kode matxista eta misoginoak baztertuta.
  • Tokiko emakumeen mugimendu feministari laguntza ematea eta koordinatzea, indarkeria matxistaren emakume biktimei babesa emateko beren borrokan.

Adierazpen instituzional osoa irakurtzeko, egin klik hemen.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.