Irungo Udalaren V. Berdintasun Planaren administrazio prozesua geldiarazi dute eragileek
2022ko prozesuaren ondoren udalak bere kabuz aldatutako Berdintasun Plana da geldiarazi dena. Eragileek eskerrak eman dizkiete hori eteteko presio dinamikarekin bat egin dutenei.
“Irunen aukeren berdintasuna eta diskriminaziorik eza” defendatzen duten 21 elkarteen lanari esker, Irungo Udalaren V. Berdintasun Planaren Administrazio prozesua geldiarazi da. Jatorrizko plana 2022an landu zuten hiriko eragileek eta udalak; hori Emakundera onarpenerako eraman aurretik , ordea, udal gobernuak aldaketak egin zizkion bere kabuz, eragileekin inolako kontsulta edo kontrasterik egin gabe. Azken hori da geldiarazi den plana, udal gobernuak aldatutakoa.
Plan aldatu horren tramitazioa geldiarazi dutelako harro azaldu dira 2022ko jatorrizko plana lanabes nahi duten eragileak: “Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako Defentsa Erakundean eta Arartekoan kexa bat aurkeztu ondoren, administrazio-prozesua gelditu egin da, dagozkion txostenen zain. Elkarte sinatzaileek eskerrak eman nahi dituzte Irunen aukeren berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren aldeko borrokan jasotako laguntzagatik”.
Aurrerago eman beharreko urratsak eta plan hori nola garatuko den jakinarazteko informazioa emango dutela esan dute eragileek. Esker mezua berretsi dute: “Eskerrak eman nahi dizkiegu kausarekiko babesa eta konpromisoa erakutsi duten guztiei. Elkarrekin lan egiten jarraituko dugu Irungo herritar guztiei mesede egingo dien eta udal erakundearen konpromisoekin bat etorriko den Berdintasun Plana lortzeko”.

