Oraindik ere, Azaroaren 25a "beharrezkoa" delako
Aurtengo programazioa aurkeztu du Emekik. Kirol probak, antzerkiak, tailerrak eta mobilizazioak izango dituzte hurrengo egunetan zehar.
Emekiko eta Hondarribiko Udaleko kideak. IMANOL SAIZ Azaroaren 25aren, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren, harira elkarlanean egindako programazioa aurkeztu dute Hondarribiko Udalak eta Emeki Elkarteak. “Gaur egun, oraindik ere, emakumeok, emakume izate hutsagatik diskriminatuak eta baztertuak izaten jarraitzen dugulako, eta indarkeria matxista gure gizartean oso presente dagoelako, ezinbestekoa ikusten dugu, kontzientzia pizteko, gaur aurkeztuko ditugun ekitaldi hauek antolatzea”, adierazi du Tamara Sastre Emekiko idazkariak. Aurreko astean iragarri zuten programazioa, baina orain, ekitaldi bakoitzaren nondik norakoak azaldu dituzte.
Emakundek aurtengo A25ari begira hurrengo leloa zabaldu du: “Ez da zure arazoa soilik, gurea ere bada”. Sastrek adierazi du lelo hori haien programaziora eraman nahi izan dutela, “oso ondo irudikatzen baitu Emekik herriarekiko eta bereziki emakumeekiko duen harremana”. Programazioaren bidez, emakumeei behar duten espazioa ematea dute xede, horrela, “gizarte berdinzale bat lortzeko bidean”. Josu Peña Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak hitza hartu du aurkezpenean: “Berdintasun eta kultur teknikariek egiten duten lana eskertzekoa da. Beharrezkoa dugu indarkeria matxistaren aurka altxatzea, eta horrelako programazioak oso lagungarriak dira”
Aurreko astean hasi zuten programazioa. Azaroaren 4ean hasi ziren ekitaldiekin. “Literatura landatzen literatur tailerra izan zen lehenengoa, Hondarribiko Udalarekin elkarlanean egindakoa”, esan du Sastrek. Hemendik aurrera, larunbatean, Mas iguales y mas libres Musas y Fusas taldearen kontzertua eskainiko dute. “Udaberrian eduki genuen ikuskizun honen berri. Kultur departamentuarekin elkarlanean antolatu dugu. Kontzertu akustikoak egiten dituzten bi emakume dira, eta gainera, ondoren, solasaldiak egiten dituzte bertaratutakoekin. Haien ardatz nagusia genero indarkeriaren aurka egitea da, beraz oso arprosa iruditu zitzaigun”, azaldu du Tzane Carrillo Emekiko kideak.
Larunbatean ere, Bixi-Bixi pala txapelketa egingo dute. “2019an berreskuratu genuen pala txapelketa. Urtean zehar hainbat momentutan elkartzen gara txapelketa egiteko, pala klaseak jasotzen dituzten emakumeen artean. Asteartero egiten dira entrenamenduak”, esan du Sastrek. Kirolari jarraipena emanez, igandean korrika topaketa egingo dute. Ane Bayoren laguntzarekin korrika talde bat osatu da azken urteotan, eta duela hiru urtetatik egin dute korrika topaketa. “Ez da lasterketa bat, topaketa bat da, inguruko herrietako emakume taldeekin elkartzeko. Urtetik urtera geroz eta gehiago gara. Gainera, oinez egiteko aukera bada”. Oinezkoak 10:00etan aterako dira, eta korrika doazenak 11:00etan. 5 kilometroko ibilbidea egingo dute.
Xakean arituko dira astelehenean. Marlaxka Xake Klubak emakumeen talde bat sortu zuen duela urte batzuk, eta horren harira, topaketak egin izan dituzte urtero azaroan. “Arlo guztietan bezala, emakume falta zuten Marlaxka Xake Klubean, eta horregatik sortu genuen taldea. Lau emakume hasi ginen, eta gaur egun 30 baino gara”, esan du Carrillok.
Egun garrantzitsua
Azaroaren 25ean Tximeleta sareak osatzen ekintza aurrera eramango dute, herriko hiru eskolekin batera. “Eskolekin batera, lanketa egiten dugu, ikasleek jakin dezaten zer den A25a eta nondik datorren. Hasieran arrakasta gutxiko egitasmoa zen, baina orain hiru eskolen laguntzarekin aurrera goaz”, esan du Sastrek. Azaroaren 25ean, arratsaldez, mobilizazioetara hurbilduko dira Emekiko kideak. M8 Bidasoaldeko Asanblada Feministak antolatutako elkarretaratzera eta preformancera batuko dira.
Carrilloren ustez, A25a ez da ospakizun bat: “Hilketa bat ez da inoiz ospakizun bat izango, baina beharrezkoa da azaroan horrelako gauzak egitea”. Haurrekin egiten duten lana nabarmendu nahi izan dute, Sastreren ustez komunitatean saretzea gauza garrantzitsua da eta.

