Arartekoarenera jo dute Irungo 21 eragilek
Bosgarren Berdintasun Plana izapidetzean tratu berdintasuna eta diskriminaziorik eza printzipioaren urratzerik ikusten duen Arartekoak jakin nahi dute eragileek.
Irungo UdaletxeaIzaro Perez Loperena 2022an zehar Irungo eragileek eta udaleko teknikari nahiz langileek 2023-2027 epealdirako Irungo Udalaren V. Berdintasun Plana osatu zuten, eta Berdintasun Mahaiak onartu zuen urte bereko urriaren 27an EAJ, EH Bildu, Podemos eta bertan izan ziren elkarte eta eragileen babesarekin. Pasa den astean, hiriko hamazazpi eragilek salatu zuten, plana onartu ostean, dokumentua aldatu egin zela, alkatetzak proposatuta, eta Emakundera igorri zela oniritzia emateko xedez. Joan den astean, hilaren 11n zehazki, Berdintasun Plan aldatu hori eraman zuen alkatetzak Berdintasun Mahaira onartua izan zedin, eta handik udalbatzaren onarpenerako plenora joan zedin; eragileek ez dute alkatetzak bere kabuz eta eragileekin kontrasterik gabe aldatutako plan hori onartu nahi; hala esan dute eta 2022ko urriaren 27an eragile, elkarte, EAJ, EH Bildu eta Podemosek adostutako hura aldarrikatu eta babestu dute.
Aurreko astean egindako salaketaren ostean, beste urrats bat egin dute 21 eragilek. Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsa Erakundeari Irungo Udalaren jarduketaren gainean iritzia eman dezan eskatu diote tratu berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa urra dezakeelakoan PSE-EE eta EAJk osatutako gobernu taldearen jokabide horrek. Txostena prestatzeko eskatu diote Emakumeen Arartekoari, ondoren hori Arartekoari helarazteko.
Argi jaso dute hogeita bat eragileek Irungo Udalaren V Berdintasun Planaren proposamenak “urratu” egiten duela ROF Udalaren Funtzionamenduari buruzko Erreglamendu Organikoaren 173.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, “udal administrazioaren aldetik berdintasunez tratatuak izateko eskubidea, bereziki jaien eta beste jarduera publiko batzuen esparruan. Uste dugu alkateak legezko eta etikako betebeharra duela zerbitzu eta plan guztiak egin, onartu eta aplikatzean, plan hori barne, tratu berdintasuna eta diskriminaziorik eza bermatuko duten neurriak hartzeko”.
Berdintasun Planak, Emakundek eta Berdintasunerako udal zerbitzu teknikoek egindako funtsezko gomendio guztiak jaso ditzala ere galdegin dute eragileek.
Aipatu gomendio horien gaineko aipamen oro kentzea agindu zuela gobernu taldeak hilaren 11n egindako Berdintasun Batzordean jakinarazi diote parekidetasunerako defentsa erakundeari eragileek aurkeztutako eskaeran. Plana ezabatu eta funtsean aldatzea, berriz, 2022ko abenduaren 12ko Bozeramaileen Batzordean egi zela gaineratu dute, eta salatu, bilera hura “erabat politikoa” izan zela. Erabaki hori hilaren 6an egindako Bozeramaileen Batzordean “baliozkotuko” zela erantsi dute, akta formalik gabe, dokumentua udalbatzari helarazteko.
Prozedurak ez duela balio administratiborik uste dute, eta “iruzur politikoa, diskriminazio ekintza eta emakumeen aurkako indarkeria instituzionala” izan daitekeen ustea adierazi dute, berdintasun eta gardentasun printzipioak urratzen dituelako eragileen esanetan.
Gertakariak azalduta, hiru eskaera zehatz egin dizkiote hogeita bat eragileek berdintasunerako defentsa erakundeari: azaldutakoaren gaineko iritzia ematea, eta zehaztea berdintasunaren eta generoagatiko diskriminaziorik ezaren printzipioa urratzen duten, batetik; tresna instituzional eta juridiko egokiak aktibatzea, berdintasun arloan indarrean dauden legeak betetzen direla bermatzeko; azkenik, Irungo Udalari eskatzea berdinatsunerako V. Planaren osotasuna berrezartzeko, deskribatutako prozesuan ezabatutako gomendio tekniko gutziak eta Emakunderenak barne.

