Tasen eta zergen igoeraren aurka agertu da Elkarrekin Podemos
Aurreko astean %2,7ko igoera onartu zuten PSEk eta EAJk. Elkarrekin Irunen ustez, igoera hori ezin da justifikatu.
Aurreko asteko osoko bilkuran onartutako tasa eta zergen igoeraren aurka egin du Elkarrekin Podemosek. %2,7ko igoera onartu zuten Irungo sozialistek eta EAJ-k, eta Elkarrekin Podemoseko bozeramaile David Nuñoren ustez, “Irungo zergarik handiena ordaintzen duten herritarrei ahalegin handiagoa eskatzen zaie”.
Alderdi politikoak adierazi du 2024an tasak eta zergak %5 igo zirela, eta 2025ean %3,9. Horregatik, 2026ra begira igoera “izoztea” eskatu dute, haien ustez irundarrek jada zerga zama handia dute eta. “Inflazioaren testuinguru honetan soldatak ez dira igotzen, eta bizitza geroz eta garestiagoa da. Horregatik ezin ditugu onartu zergen igoerak”, adierazi du Nuñok.
Horrez gain, Elkarrekin Podemosen ustez, zergetatik biltzen den dirua ez da behar bezala erabiltzen. “Egunero ikus dezakegu arazo larriak daudela hirian, adibidez OTAren aparkalekuen kudeaketan”. Nuñok gehitu du egun udalaren finantzak sendoak eta osasuntsuak direla, eta horregatik zaila dela zergen igoera justifikatzea.
Azkenik, PSEri eta EAJri begira, Nuñok adierazi du egun ez dagoela udalarekin negoziatzeko aukerarik, eta gobernuan daudenek ez dituztela beste alderdien ekarpenak kontuan hartzen.

