Pintada matxistak egin dituzte Irunen
Hamar pintada inguru agertu dira, lelo matxistekin. Udalak adierazi du arduraduna harrapatu dutela.
SER irratiak zabaldutako argazki bat. Pintada matxistak agertu dira gaur Irunen. Hiriko zenbait puntuetan lelo eta esaldi matxistez beteriko paretak agertu dira. No al feminazismo, Hombres idiotizados, Manipuladoras mentirosas edo Psicopatia feminazi dira paretetan ikusi diren leloetako batzuk. Guztira, hamar bat izan dira egindakoak, eta gehienak Irungo erdigunean agertu dira. Gauean egin dira pintadak.
Irungo Udalak gaitzetsi egin ditu pintaketak. “Gaur egungo gizartean horrelako jarduerek ez dute lekurik”, adierazi du udalak, ohar bidez. Horrez gain, iragarri dute pintaketen egilea harrapatu egin dutela, eta zigor prozesu bat ireki diotela. Udalak errespetua eskatu die hiriko herritarrei, eta zentzuarekin eta gizatasunez jokatzea.
Bere aldetik, Irungo Ernaik irmoki salatu du gertatutakoa. “Mezu hauek emakumeon eta feminismoaren aurkako gorrotoa zabaltzen dute, eta ideologia faxistaren oiartzun dira, non beldurra, menpekotasuna eta boterearen justifikazioaren apologia egiten dute”, azaldu du Ernaik. Adierazi dute haiek gogor salatuko dituztela horrelako jarrerak, eta faxismoaren aurrean antolakuntza feminista dela erantzuna. Horrez gain, atxikimendu kanpaina bat zabaldu dute. Atxiki nahi duen orok, ernaiirun@gmail.com helbidera idatzi dezala.

