Amianok etxean jokatuko du bigarren mailako lau t'erdiko finala
Aurreko ostiralean Rekalderi irabazi ondoren, profesionaletako bere lehen finala jokatuko du irundarrak, Uranzu pilotalekuan.
Senar eta Amiano, Uranzu frontoian. Aurreko ostiralean Xabier Rekalderi 22-18 irabazi ondoren, lau t’erdiko finalera ailegatu da Unai Amiano pilotari irundarra. Gainera, etxean jokatuko du, Uranzu pilotalekuan. Aurrean, Beñat Senar ataundarra izango du. Duela bi hilabete egin zuen debuta Amianok profesionaletan, eta jada lehenengo finalera iritsi da.
Larunbatean 17:30ean jokatuko da partida. Borja Olabazal Irungo Udaleko kirol ordezkariaren ustez, harrotasun bikoitza da Amianok finala bere etxean jokatzea. “Argi dago Unaik talentu aparta eta etorkizuneko potentzial handia duela”, azaldu du Olazabalek.
Sarrerak online daude eskuragai entradasfronton.com atarian, baina Uranzu pilotalekuan bertan salgai izango dira larunbatean, partida hasi baino ordu bat lehenagotik, beti ere online sarrerak agortzen ez badira.

