Igandeko eraso matxista salatzeko bildu dira irundarrak
Irungo Udalak konbokatutako elkarretaratzean igandeko kasua eta emakumeek jasaten duten jazarpena salatu dute.
Igandean izandako eraso matxistaren aurrean, Irungo Udalak deituta, elkarretaratzea egin zuten atzo San Juan plazan, udaletxe aurrean. Igandean, gizon bat bere bikotekide ohia itotzen saiatu zen, eta horren ondorioz, atxilotua izan zen. Atzo, Irungo Udalak bere adierazpen instituzionala kaleratu zuen, eta elkarretaratze deialdia egin. Irungo Udalaz gain, hiriko eta eskualdeko hainbat eragile feminista bertaratu ziren.
Biktimari elkartasun osoa erakutsi zion udalak, eta adierazi zuten haien esku dagoen laguntza guztia eskaini diotela. Arreta “ziurtatu eta jasotako informazioa baloratu” ondoren, Irungo Udalak erabaki hauek hartu ditu indarkeria kasuaren aurrean: erasoa instituzionalki gaitzetsi eta herritar guztiei bide bat eskaini indarkeriazko ekintza hauek arbuiatu dezaten. “Horrelako erasoak emakume guztien askatasunaren aurkako ekintzak dira, eta emakumeen kontrako indarkeriak erasotzaile eta biktima banakoak ditu, baina emakumeak kontrolpean eta mendean betikotu nahi dituen egiturazko arazo bat du jatorrian”.

