Podiumez beteriko txapelketak BATentzat
Atletismo taldeak hainbat domina irabazi ditu gizonezkoen Espainiako taldeen arteko 20 urtetik beherako txapelketan eta Europako Master txapelketan.
Asteburuan hainbat txapelketa izan dituzte BAT Super Amara taldeko kirolariek. Alde batetik, 20 urtetik beherako Espainiako kluben txapelketan aritu dira, eta bestetik, Europako Master txapelketan beste ordezkaritza bat izan du BATek.
Espainiako taldeen arteko gizonezkoen txapelketan bosgarren postua lortu du BATek. Madrilen jokatu da txapelketa eta talde irundarrak A finalean hartu zuen parte. Kirolari bakoitzaren puntuak gehituta, 83 lortu zituen BATek. Taldetik adierazi dute emaitza oso ona dela, eta gazteekin egiten duten lan gogorraren fruitua dela. “Parte hartu zuten 20 kirolarietatik 13 gure harrobikoak ziren, eta hori datu esanguratsua da”, adierazi du taldeak, ohar bidez.
Taldeko partaidetza onena Lander Chascok izan zuen, 200 metroetan garaipena lortu zuen eta, 22,04 segundorekin. Alejandro Estebanek ere garaipena lortu zuen, xabalina jaurtiketan (58,59 metro). Luken Aizpuruak hirugarren postua lortu zuen luzera jauzian (6,61 metro) eta Aritz Zuazok hirugarren postua ere, altuera jauzian (1,92 metro). Azkenik, podiuma lortu zuten kirolarien taldea Ander Aramendik itxi zuen, beste hirugarren postu batekin 1500 metroetan (4:20,46).
Azkenik, horrela gelditu zen taldeen arteko txapelketa:
1º Trops-Cueva de Nerja – 119 puntu
2º FC Barcelona – 114 puntu
3º Facsa – Playas de Castellón – 105 puntu
4º A.D. Marathon – 87 puntu
5º Super Amara BAT – 83 puntu
6º DELSUR Coop La Palma – 74 puntu
7º Alcampo Scorpio 71 – 73 puntu
8º Atletismo Alcorcon – 61 puntu
Zilarrezkoak etxera
Europako Master txapelketan, Madeiran jokatutakoan, emaitza ederra lortu zuen Abel Castañaresek. Gizonezkoen 65 eta 69 urteko kategorian bigarren postuan gelditu zen 2000 metroko oztopo lasterketan. 8 minutu eta 85 ehuneko denbora lortu zuen. Beste bigarren postu bat lortu zuen Castaledak: 8 kilometroko krosean. Castañedak Jesus Manzanaresekin eta Tomas Hernandezekin batera hartu zuen parte, talde moduan.
Bestalde, Susana Ruizek emaitza onak lortu zituen. Urriaren 14an 200 metrotan lehiatu zen (32,18 segundo), urriaren 17an 800 metroko final erdikoa irabazi zuen eta azkenik, 18an, finalean, hamargarren postuarekin gelditu zen.

