Indarkeria matxistaren kontra elkartu dira
Aurreko asteko Hondarribiko indarkeria matxista kasua gaitzesteko egin zuten elkarretaratzea larunbatean, udalak deituta.
Aurreko astean Hondarribian izandako indarkeria matxista kasua gaitzesteko, elkarretaratzea egin zuten hondarribiarrek larunbatean. Udalak helarazi zuen deialdia,eta Martxoak 8 plazan egin zuten, 18:00etan. Udal zinegotziak eta herritarrak bertan elkartu ziren, indarkeria matxistaren aurkako leloa adierazten zuen pankartarekin batera.
Indarkeria kasuaren xehetasunak ez ditu zabaldu udalak, baina pasa den astean adierazpen ofizial bat egin zuen.
Horrez gain, Zarauzko hilketa matxista salatzeko egoera aprobetxatu du udalak: “Urtea hasi zenetik Euskal Herrian izan den seigarren erailketa matxista izan da. 131 dira Euskal Herrian 2003tik erregistratutako hilketa matxistak”.Udalaren ustez, indarkeria matxista gizartearen egituraren arazoaren ondorio argi bat da, “emakumeen gaineko kontrola eta nagusitasuna betikotzea helburu duena”. Horrez gain, indarkeriak “ezin dira ulertu” ekintza bakartu edota azalpenik gabeko gisa, eta “generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile”.

