Gizon bat atxilotu dute kiroldegi bateko aldageletan emakumeak grabatzeagatik
Arropaz aldatzen ari ziren bitartean eskuko telefonoarekin grabatzen ari zen; atxilotua 40 urteko gizona da.
Ertzaintza Larunbatean izan ziren gertakariak Irungo kiroldegi bateko aldageletan. Emakumeak arropa aldatzen ari ziren bitartean, gizonen eta emakumeen aldagelak bereizten dituen hormaren gainetik sakelako telefonoarekin grabatzen ari zen gizona ikusi zuen erabiltzaileetako batek Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Ikusi zutela konturatzerakoan, joan egin zen gizona. Kiroldegiko langileei gertatutakoaren berri eman zion emakumeak, eta susmagarria atxikitzea lortu zuten azken horiek Ertzaintzaren patruila bat iritsi zen arte.
Segurtasun sailaren informazioaren arabera, esku hartu zuten agenteek egiaztatu ahal izan zuten telefonoko galeriako irudiak ezabatu zituela, baina zabor ontzian zeudela oraindik, eta bertan, aldagela barruko irudietan beste emakume bat biluzik agertzen zela adingabeko baten ondoan.
4o urteko gizona atxilo eraman zuten, sekretuak agerraraztearen delitua egotzita, ertzain etxera, eta gaur goizean eraman dute Irungo Guardiako Epaitegira.
Antzeko egoera gertatu zen pasa den maiatzean. Orduan, 27 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Irungo kirol instalazio batean gizonen aldageletan sakelakoarekin biluzik zeuden gizonak grabatzeagatik. Banaketa hormaren goiko aldetik grabatzen harrapatu zuten erabiltzaileek. Sekretuak ezagutaraztearen eta agerraraztearen ustezko delitua leporatu zion hari ere. Guztira bost biktima izan zirela egiaztatu zuten eta behin biktimak identifikatuta, salaketak jarri zituzten.

