Bi antzezlan izango dira asteburuan Amaia KZn
'Mr Bo' eta 'Itzulera' eskainiko dituzte, umorez beteriko bi ikuskizun.
'Itzulera' antzezlana. Asteburuko antzerki programazioa iragarri du Irungo Udalak. Bi antzezlan aurkeztu dituzte: Itzulera eta Mr Bo. Amaia KZan izango dira bi emanaldiak, eta sarrerak udalaren web atarian, Luis Marianoko turismo bulegoan eta egunean bertan Amaiako leihatilan eskuratu ahalko dira.
Lehena, ostiralean, Mr Bo izango da, 18:00etan. Hitzik gabe garatzen den antzezlana da, umorez beterikoa. Bo jaunak hiru zerbitzari ditu, denbora guztian bere aginduak betetzen dituztenak. Batzuetan, ametsak irudikatzeko asmoarekin, haiek aginduak ematen dituztenak izango balira moduan jokatzen dute. Bo jaunaren menpe egonda, ez esateko aukera suertatuko zaie. Marie de Jongh konpainiaren eskutik egindako ikuskizuna da, eta hainbat sari lortutakoa da, hala nola 2024an Igualadako Mostran jasotakoa. Aurten, Max sarien finaletara iritsi da.
Igandean izango da Itzulera-ren txanda. Dejabu konpainiak egindako antzezlanak hiru protagonista ditu: Ainara, Urko eta Miren. Hiruak aktoreak dira, eta antzerki berri bat sortzeko prozesuan, Mexikora joan dira, bertan urte asko daramatzaten euskaldunak ezagutzera. Han, abentura zoro bat hasiko dute, hainbat ezusteko gertaera izango dituzte aurrean eta. Autofikzioa da, eta umorez beterikoa.

