Bartzelonan aurkeztuko dute 1936an Gipuzkoara etorritako internazionalisten ikerketa
Aitzol Arroyo historialari hondarribiarrak eta Aitor Azurki kazetari donostiarrak ondu dute ikerketa. 2026an liburu batean argitaratuko dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Aitzol Arroyo historialari hondarribiarrak eta Aitor Azurki kazetari donostiarrak 1936an Gipuzkoara iritsitako lehenengo boluntarioei buruzko ikerketa ondu dute eta hilaren 30 eta 31an Bartzelonan egingo den Nazioarteko Brigadei buruzko lehen Nazioarteko Kongresuan aurkeztuko dute aurreneko aldiz.
Hiru hitzaldi emango dituzte. Gipuzkoara iritsitako atzerriko boluntario antifaxistei buruzkoa izango da lehena. Bigarrenean Estoucha borrokalari poloniar eta juduaren figura izango dute hizpide eta hirugarrenean Abram Gostynski internazionalistari buruz arituko dira.
Ikerketa osoa 2026an argitaratuko dute, eta ikerlariek aurreratu dutenez ezusteko ugari ezagutzera emango dituen lana da osatzen ari direna. Izan ere, borrokalari antifaxistei buruzko kontakizun ofiziala desmuntatzea lortu dute. Orain artean, antifaxistak “abenturazale idealista gutxi batzuk” zirela kontatu izan da, baina Arroyok eta Azurkik egiaztatu dutenez 147 atzerritar baina gehiago heldu ziren Gipuzkoara 1936ko abuztuan faszismoari aurre egitera. Nazioarteko Brigadak ofizialki sortu baino hilabete batzuk lehenago izan zen hori. Gehientsuenak alemaniarrak, italiarrak eta poloniarrak ziren.
Hortaz gain, Nazioarteko Brigadak eratu aurreko antolaketa atari horren inguruko ikuspegi berri bat txertatuko dute ere liburuan.

