Txenpereneako hirigintza programa behin betiko onartu dute
Plaiaundiko kirol instalazioak bertara mugituko dituzte, eta 850 etxebizitza eraikiko dira, haietatik 660 inguru publikoak.
Cristina Laborda, Txenperenearen proiektuaren aurkezpeneanñ Txenperenea eremuko hirigintza jarduketako programari behin betiko onarpena eman dio Irungo Udalak. Hasierako onarpena martxoan iragarri zuten, eta orain, kontrako alegazioak ebatzi ondoren, aurrera pausoa zehaztu dute. Lehen pausoa da programa, ondoren birpartzelazio proiektua gauzatu beharko dute, eta azkenik, urbanizazio proiektua. Plaiaundiko kirol instalazioak Txenpereneara mugituko dituzte, eta horrez gain 850 etxebizitza eraikiko dira, haien %78a publikoak.
Cristina Laborda Irungo alkatearen ustez, erabaki horrekin atletismo eta errugbi taldeen eskaera “historiko” bati irtenbidea emango diote. Lanak egiteko aurrekontu zenbatetsia 33,6 milioi eurokoa da, BEZa barne, eta obra hiru fasetan egingo da. “Proiektu honi esker etorkizunean, gure lehentasun nagusietako bati erantzungo dio eremuak: hirian etxebizitza gehiago eraiki beharrari”, azaldu du Labordak.

Hiru fasetan eraikiko dute Txenpereneako eremua. Lehena, zati urdina izango da, hau da, kirol instalazioak. 5,6 milioi euroko eraikuntza izango da, eta 24 hilabetetan gauzatzea aurreikusten dute. Ondoren, zati gorria eraikiko dute, hau da, bideak eta etxebizitzak. Bigarren fase horretan 20,7 milioi euro gastatuko dituzte eta hiru urteko epean eraikiko dute. Azkenik, zati berdea, parke ekipamendura zuzenduko dute, eta 7,3 milioi euroko gastua izango du.
Tamaina aldetik
Hirigintza jarduketa eremuaren azalera 163.527 metro karratukoa da, eta erabileraren araberako zatietan banatuta dago: 20.381 metro karratu kirol ekipamendurako izango dira; 52.062, berdegunetarako; eta 17.642, beste ekipamendu batzuetarako. Gainera, 39.411 metro karratu (guztiaren % 24) partzela eraikigarriak dira; tartean, zuzkidura bizitokietarako 1.519 eta hirugarren sektorerako lurzoru finkatuko 1.460. Azkenik, bidetarako azalera 31.052 metro karratu da.

Txingudiko Plan Bereziaren Mahaiaren azken bileran Txenpereneako eremua mintzatu ziren. Bilera hartan, Labordak 1993an sinatutako lankidetza hitzarmena berritzeko eskatu zien Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, haren araberakoa baita Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatzeko finantzaketari buruzko akordioa. Hitzarmenaren arabera, Eusko Jaurlaritza finantzaketaren %30az arduratuko da; Gipuzkoako Foru Aldundia, % 50az; eta Irungo Udala gainontzeko % 20az.

