Dronekin lehiatzeko, Irundik Hego Koreara
FIDA Drone Soccer munduko txapelketa jokatu dute Jeonjun (Hego Korea), eta Bidasoa Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuko hiru kide izan dira bertan, bi irakasle eta ikasle bat.
Bazen garai bat zeinetan 2020. urtea urrun zegoen. Are, horren urrun sentitzen zuen gizarteak urte hori non jendeak uste zuen autoak errepidez mugitu beharrean hegan egingo zutela. Tira, horrelakorik ez da gertatu –oraingoz, behintzat–, baina bada hegan egiten duen beste zerbait: baloiak. Ez dira ohiko pilotak, droneak baitira funtsean, baina baloi funtzioa betetzen dute Drone Soccer jokoan.
Baloi hegalarien existentzian, gainera, badu nolabaiteko zeresanik Bidasoa Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak. Izan ere, 2023-2024 ikasturtean 900 orduko droneen espezializazio kurtsoa jarri zuten martxan. Bada, Flybble enpresak hartu-eman estua du Drone Soccer kirola eta teknologia uztartzen dituen diziplinarekin, eta enpresa horretako kideetako bat ikastetxearekin jarri zen harremanetan jokoaren nondik norakoak ezagutarazteko. Aurtengo ekainean Italiako Drone Soccer Bolonia ekitaldira joan ziren Bidasokoak, ikasleek muntatutako droneak eraman baitzituzten jaialdira, eta eurekin jolastu zuten.
Zoriona, baina, ez zen hor bukatu, Jeonju hirian (Hego Korea) jokatu berri den FIDA Drone Soccer Munduko Txapelketan parte hartzeko gonbita jaso baitzuten ikasle zein irakasleek uztailean. Maletak egin, eta hara, han izan dira hiriko hezkuntza zentrokoak irailaren 24tik 29ra jokatu den txapelketan.
Bi irakasle joan dira Hego Koreara. Sergio Iparragirre da horietako bat, eta zerbait argi geratu bazaio da “esperientzia oso aberasgarria” izan dela. “Hego Korea urrun dago, baina euren kultura zertxobait ezagutzeko aukera izan dugu, pixka bat ikusteko nolakoak diren, baita beste herrialde batzuetakoak ere. Kulturalki ikasteko aukera ederra da”.
Hamabi pertsonako taldea joan da hara, eta 35 herrialdek hartu dute parte. “Nazionalitate ezberdinetako pertsonak ezagutzeaz gain, euren lan egiteko modua eta gauzak nola egiten dituzten ikasi dugu. Gero eta ezberdintasun gehiago izan pertsonen artean, orduan eta aukera gehiago dago ikasteko, beste mundu batera joatea izan da”, dio Iparragirrek.
Dronen espezializazioan, lehenak
Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan droneen espezializazioa duen lehen ikastetxea da Bidasokoa, eta hiru partaide joan dira hara: bi irakasle eta iaz droneen espezializazioa egin zuen ikasle ohi bat. Bidasokoek, alabaina, ez dute txapelketan zuzenean partu hartu, droneen konponketan eta aholkularitzan aritu baitira.
Futbolaren antza du diziplina horrek: bi uztai daude zelaiaren alboetan airean kokatuta, eta bosna baloi dituzten bi talde daude. Talde bakoitzeko baloi batek dauka gola sartzeko aukera, eta besteak, defentsak, aurkariak oztopatzen egoten dira golik sartu ez dezaten. Zelaia sareekin ixten dute, eta pilotuak kanpoan, alboetan egoten dira, porteria izango litzatekeenaren lekuan [ikus beheko irudia]. Hiru minutuko partidak dira, eta gol gehien sartzen duenak irabazten du.
Iparragirrek kontatu du iazko ikasturtean hasi zirela kirol hori praktikatzen, ikasleek muntatu baitituzte droneak. Gainera, kategoria handieneko drone bat ere egin zuten, 40 zentimetrokoa. “Mekanikako geletan entrenatzen genuen; uztai batzuk jarri eta hor egiten genituen gure jolas eta entrenamenduak”.
Drone Soccer kirola hegokorearrek sortutakoa da, eta hamar urte inguru ditu. “Beraiek eman digute arautegi bat, eta, esaterako, esan digute noiz onartzen den gol bat edota zein neurri duen zelaiak. Formakuntza bat jaso dugu jakiteko nola jokatzen den eta zein diren arauak”, gehitu du irakasleak. Gainera, pozik agertu da Iparragirre bizitakoarekin. “Droneen espezializazioa izanik oso ondo datorkigu ikasleen abileziarako, eta beraiek ere gustura muntatzen dute dronea. Eurentzat motibagarria da drone bat muntatzea eta gero horiekin jolastea”.
Honako irudiak Bidasoa LHIIk HITZAri helarazitakoak dira.

