"Denborarekin beste ikusmirak sortzen dira; hori interesatzen zait"
Maddalen gunea estudio-laborategi bihurtu eta 'Liquid Gogo' proposamen indibiduala garatzen aritu da Sandra Cuesta artista. Hainbat baliabide erabiliz eskulturan aritzeko proposamen berri bat ondu du.
Maddalen guneak Sandra Cuesta artistak ondutako Liquid Gogo poposamena jasoko du urrian. Hilabeteko egonaldia egin du artistak gunean bertan, eta zenbait egunez, estudioa ireki eta zertan ari den ikusteko aukera eskainiko du. Hilaren 28an, 29an eta 30ean, berriz, erakusketa gisa zabalduko du espazioa.
Zer da Liquid Gogo?
Proiektu bat da. Artistok jarraipen moduan egiten dugu lan, baina zenbaitetan ikusten dugu zerbait berria hastera goazela. Hortik abiatuta izenburua etorri zitzaidan, eta ondoren, deialdia jaso nuen Maddalen gunean lan egiteko.
Hasieratik nekien zenbait bideo egingo nituela, ikuspuntu zehatz batekin. Orduan, proiektu bat da non ni naizen hainbat koreografiari forma ematen diena. Janzkera ere lantzen dut, eta fisikoki formak sortzen ditut eskulturara begira. Eskulturan aritzen naiz, nahiz eta orain bideoak aurkeztu. Hainbat baliabide erabiltzen ditut beti eskulturan aritzeko.
Nola hartu zuen forma proiektuak?
Dantza geletara itzuli naiz. Aspaldi ez nuela lan hori egiten. Dantza formazioa jaso izan dut eta koreografian lan egin izan dut, baina aspaldi, urteak dira. Eta nahi gabe horretara itzuli naiz. Orduan, dantza aretoetara itzuli naiz entseguak egitera, eta musika klase ezberdinak jarrita forma ematen joan naiz nahi nuen horretara iritsi arte.
Plano zehatz baten ideia nuen, non gorputzaren dimentsioa eta erreferentziak galtzen diren, eta nolabaiteko forma ematen den, edo identifikatzen den norbait dagoela bertan mugitzen. Baina pertzepzio aldetik galdu zaitezke, beste zenbait gauza gertatzen direlako; bai soinuei esker, bai janzkerari esker, bai kameraren ikuspuntuari esker. Ideia hori buruan nuen, baina horretara iritsi arte entsegu asko daude, proba asko… Hona iristerakoan kameraren puntua bilatu, eta probak eta probak egin nituen. Nahi nuena zen plano bakar batean gertatzea dena.
Duela hilabete Maddalen gunera lan egitera etortzeko aukera izan zenuen. Nolako esperientzia izan da hemen lan egitea?
Polita da espazio berri batera egokitzea. Adaptazio edo egokitze prozesu bat egin behar duzu, eta kasu honetan, espazioa gustuko dut soinu aldetik baduelako gustatzen zaidan naturaltasun bat. Gero ere badago eskailera mekanikoen soinu hori. Mantra moduko bat ematen du [barrez], ondo kontzentratzeko.
Gero ere espazioa egokitu nuen. Hau da, aipatu dut oihalekin eta janzkerarekin lan egiten dudala. Bada espazioan bertan ere lan egin dut hura estaliz, estaldura ezberdinak erabiliz. Hortik abiatu nintzen, eta gero, poliki-poliki objektuak landu ditut. Kontzentrazio lana izan da. Gaur egun hainbeste distrakzio ditugu… Nire buruari honakoa esan nion: «Denbora hartuko dut, dena zehaztu, eta ideian sakontzeko». Espazioa lan egiteko oso aproposa izan da niretzako.
Aurreko ostiralean aurkeztu zenuen egindako lan horren guztiaren emaitza.
Gauza da azkenean horrelako lan sakon batean murgilduta zaudenean kanpoko erreferentzia edo feedback moduko bat behar izaten duzula. Deialdiaren barne zegoen halako irekiera bat egitea, publiko orokorrari begirakoa. Orduan, hiru ostiraletan zabaltze hori proposatzea bururatu zitzaidan. Horrek alde batetik presioa kendu dit, ez direlako probak, hainbat emaitza erakutsiko ditut.
Aurreko ostiralean aurkeztu nuen instalazioa, eta zenbait kezka sortu zitzaizkidan. Beraz, hurrengo ostiralean [gaur arratsaldeko 19:00etan] horri buelta emango diot. Estudio ate irekiak izena omen dute horrelakoek. Baina arraroa egiten zitzaidan izendapen hori. Azkenean da estudio lanean nagoela, estudioa irekiko dut, eta zertan ari naizen erakutsiko dut.
Era horretan, lana fase ezberdinetan ikusteko aukera dagoenez, uste dut lan artistiko baten prozesua ikusteko aukera ona dela.
Lehenik hiru ate ireki saio egingo dituzu, hilaren 10ekoa, gaur arratsaldekoa eta 24koa, eta gero, emaitza ikusteko, beste hiru saio egingo dituzu. Horiek hilaren 28an, 29an eta 30ean izango dira.
Bai, hiru egunetan zabalduko dut erakusketa moduan, hilabete hauen guztien emaitza erakusteko.
Herritarrek zerekin egingo dute topo?
Espazio baten eraldaketa da hau, plastikoarekin, hainbat baliabide agertzen direlarik. Pertzepzio egoera bat da; izan ere, soinu aldetik garrantzitsua da eta murgiltzea ere hor dago, jokoan. Konturatu naiz hasiera batean bisitariak bideoari begira geratzen direla. Azkenean irudiaren indarra hor dago. Irudia ikusi eta begira geratzen zara. Baina gero, bertan denbora bat egonda, hau da, espazioan egon, kanpora atera eta berriro sartzerakoan, beste ikusmirak sortzen dira eta hori da niri interesatzen zaidana. Zer gertatzen den irudiarekin, zer argi sortzen diren, objektuak daude ere bai, eta ikusi nahi dut zer erlazio sortzen den bertan landu dudan plastika osoarekin. Begia ohitu behar duzu. Naturan zoazenean bezala, askotan ez dituzula txoriak ikusten. Baina gero ohitu egiten zara eta begia ohitzen zaizu hegaztiak ikustera. Bada, horrelako zerbait da sortu dudana.
Denbora bat edo egotea eskatzen duen lana da, beraz.
Bai. Denbora garrantzitsua da nire lanean, orokorrean. Denbora lantzen dut, eta nahi gabe egiten dut gainera. Adibidez, soinua lantzen dudanean denbora bertan lantzen ari naiz. Bideoarekin ere gauza berbera gertatzen da. Aipatu dudan bezala plano sekuentziak lantzen ditut. Gero, lana jasotzerako garaian ere garrantzitsua da denbora hori hartzea.
Jardunaldi horien guztien ondoren, jendea zerekin geratzea gustatuko litzaizuke?
Uste dut jendea bertan sartzea nahi dudala. Pertzepzio aldetik esperientzia bat jaso dezatela.

