Hondarribiko lorezainek greba egingo dute berriro
2023an lortutako lan baldintzak gaur egun ez dituztela salatu dute langileek, enpresa berriak ez duelako horiek aplikatzeko borondaterik.
Lorezainak, 2023ko grebaldian. 2023. urtean greba egin zuten Hondarribiko Udalak azpikontratatutako lorezainak. Bi urte eta erdi geroago, lorezainek salatu dute baldintza berdinetan daudela lanean, eta beraz, berriro ekingo diote lanuzteari.
U.T.E. Hondarribia Lorezaintza enpresak hartu du herriko lorezaintzaren ardura aurten. Langileek salatu dute enpresa berriak ez daukala 2024an adostutako hitzarmena aplikatzeko prestasunik. 2024ko uztailean adostu zuten hitzarmena, 2023an 115 egun greban egon ondoren. Hitzarmen hori lan delegaritzan eta boletinean erregistratu zen.
Hitzarmeneko baldintzak kontuan hartu ziren Hondarribiko Udalak aurten esleipen berria adjudikatu zuenean. Halere, enpresa berriak ez du borondaterik hitzarmena aplikatzeko, eta langileentzat egoera jasanezina izanik, haien greba eskubidea erabiltzea erabaki dute. Errespetua eskatzen dute lorezainek, haien lan baldintzekiko errespetua.
Urriaren 17an, 20an, 21ean, 22an eta 23an elkarretaratzeak deitu dituzte langileek, Hondarribiko Udaletxearen aurrean. Horrez gain, urriaren 24an auto karabana bat egingo dute herriko kaleetan.

