E30 linea beharrezkoa dela berretsi dute datuek
Datorren urtetik aurrera zerbitzua urte osoan zehar eskaintzeko konpromisoa hartu du Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.
Gaur goizean Donostiako Aireportua hiriburuarekin zuzenean lotzen duen E30 autobus linearen balorazioa egiteko hitzordua egin dute Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Igor Enparan Hondarribiko alkateak.
“2023ko ekainean legealdia hasi genuenean argi izan genuen Lurraldebusetik eskaintzen genuen zerbitzua hobetzeko modu bakarra herritarrak entzun eta udaletxeetara gerturatzea izango zela”, adierazi du Dominguezek. Eta zentzu horretan Hondarribiko Udalarekin buru belarri aritu direla lanean adierazi du.
Airteportua azpiegitura garrantzitsua da lurralde ikuspegi batetik, baina herritarrengan zailtasun egoerak sortzen zituen. Hondarribiko alkateak adierazi duenez, “garrantzitsua zen herritarrei zailtasun horiek arintzea”.
Foru aldundiak 2024an jarri zuten aurrenekoz E30 linea martxan. Donostiara joan behar zuten Hondarribiarrei zerbitzu hobea eskaintzeko eta aireportuko erabiltzaileei alternatiba eroso eta azkarrago bat emateko asmoz.
Zerbitzua martxan egon den bitartean herritarrak entzuten aritu direla azaldu du ondoren mugikortasun diputatuak, eta horren adibiderik garbiena E21ak aireportuan egiten zuen geldialdia kentzeko erabakia hartzea izan zela adierazi du. Horri esker E30 linearen zerbitzua eta Hondarribiko herritarren erabiltzaile esperientzia hobetzea lortu zituzten.
Aldi berean, ordutegiak erabiltzaileen eskaerara eta hegaldien ordutegietara ere moldatu zituzten Eta Lurraldebus modernizatzeko prozesu betean, hau da, Barik, Bat eta kreditu txartelarekin ordaintzeko metodoa aztertzen ari diren bitartean, aurtengo udan aireportuan bertan mugi anonimoak erosi ahal izateko zerbitzua jarri dute martxan.
Segidan, datuei erreparatu die diputatuak. Iazko datuekin alderatuz, aurtengoak nabarmen hobeak izan dira: “2024an 7.776 bidaia burutu zituen E30 lineak, eta aurten 14.191 izan dira. Horrek %83eko hazkundea suposatzen du”. Hondarribiko aireportuak konexio hobea izateko egindako apustua, beraz, “alternatiba eroso, jasangarri eta gisa” finkatu dela adierazi du, eta horregatik, E30 linea urte osoan zeharreko zerbitzu bilakatzeko konpromisoa hartu du diputatuak.
Horrenbestez, Bidasoan eta Oarsoaldean Lurraldebus kudeatzeko kontzesio berria martxan jartzen denean zerbitzuak urte osoko funtzionamendua izango duela ziurtatu du, eta zerbitzua hobetzeko, gainera, autobus horiek maletak ezartzeko lekuak izango dituztela aurreratu du.
Azkenik, Dominguezek azaldu duenez, kontzesio horren ondorioz autobus zerbitzu guztien izenak aldatu egingo dira. E30 lineak, adibidez BI02 izena hartuko du.
Igor Enparan alkateak eskerrak eman dizkio Azahara Dominguez diputatuari hasieratik “entzute saiaketa egin” eta baliabide berdinekin egungo “errealitatera egokitzeko ahalegina” egiteagatik, zerbitzuak “indartu eta zabaldu” egin baitira.
“Udala herritarrengandik gertuen dagoen erakundea da eta aldarrikapenak askotan udalera iristen dira, eta udalak horiek foru aldundira transmititzen ditu. Hasieratik izan dugu elkarrizketa hori eta oso aberatsa izan dela uste dut”.
Azkenik garraio publikoa erabiltzearen aldeko mezua zabaldu du diputatuak: “garrantzitsua, jasangarria, irisgarria, erosoa eta segurua da”, adierazi du.

