"Azken bi urteetan 1996tik 2023ra baino aldaketa gehiago eman dira Alardean"
Hondarribiko jaien balorazioa egin du Hondarribiko Udalak. Alardean aurrerapausoak ematen ari direla ikusi arren, HAOSEren jarrerarekin kritiko azaldu da.
Jaiak bukatu eta egun gutxira, balorazioa helarazi du Hondarribiko Udalak. Hala, aurtengo Alardean ere aurrerapausoak ematen jarraitu duela adierazi du: “Azken bi urteotan 1996tik 2023ra bitartean baino aldaketa gehiago eman dira”.
Gauzak horrela, hilaren 7an Jaizkibel Konpainiak Salbean eta ondoren Udalbatzak herritarrei eginiko agurrean parte hartu zuela oroitarazi du udalak, “beste edozein eragilek duen eskubidea baliatuta”. Herritarren gehiengoak “portaera eredugarria” izan zuela iruditu zitzaion, “errespetuzko jarrerak gailendu baitziren oso gutxiengo baten aurrean”.
Biharamunean, hilaren 8an, Jaizkibelek alkate dekretua beteta desfilatzea “aitortzen eta eskertzen” dio udalak konpainiari. Horrez gain, beste konpainietako ordezkaritza Jaizkibelekin batera “herriko hainbat txokotan gunea eta ordutegia normaltasun osoz partekatzea urrats” moduan definitu du, baita Zapatero jaitsiera egin izana ere.
Hala ere, “oinarrizko eskubide batzuk” oraindik ez direla bermatzen jakitun da, “gure ondarea den Alardea gatazkaren erdigunean kokatuz”. Izan ere, “argi-ilunak egon dira”: HAOSEko konpainietako buruzagiek Herrizaingo Sailean manifestazio baimenak eskatu zituztela jakinarazi du, “hilaren 8ko goizaldean Gernikako Arbolan formatu aurretik herriko lau gunetan biltzeko”. Hori dela eta, honakoa adierazi du udalak: “Beste behin ikusi dugu ez dela Udalaren zilegitasuna aitortzen”.
Azkenik, “udalak ez duela amore emango” eta herrian “elkarbizitza errespetatzeko eta oinarrizko eskubideak betetzeko zereginean” jarraituko duela jakitera eman du. Aurten “elkarrizketarako guneak sortu eta adostasuna lortzen saiatu” baldin bada ere, “ez da posible izan”, baina lan horrekin jarraituko du aurrerantzean. “Zeregin horretan dei egiten egiten diegu herritar guzti-guztiei norberak bere aletxoa jar dezan, bidea egiteko herritarrak izango baitira giltza”.
Jai giro ona
Udalak 30etik gora elkarterekin batera osatu du jaietako egitaraua, eta 100 jarduera baino gehiago egon direla azpimarratu du. EAJk ez bezala, egitaraua “zabala, anitza eta inklusiboa” izan dela azpimarratu du. Hori gutxi ez, eta “herritarrek eta bisitariek erantzun bikaina eman diote egitarauari, eta parte hartze eta jarraipen handia izan da”.
Halaber, txosna guneak ere “milaka pertsona bildu ditu”. Hain zuzen, egitarauan jasotako talde eta artisten emanaldiek “jendetza erakarri dute, eta lagunarteko giroa nagusitu da”.
Hala ere, eguraldiak zenbait aldaketa eragin ditu, baina aurreikusitako jarduera guztiak aurrera eraman direla ziurtatu du udalak: “Koordinazio lan handia egin da eta aurreikuspen eta esfortzu horri esker jarduera guztiak aurrera atera dira”. Horietako hainbat gogoratu ditu: “hilaren 3ko gaztetxoen Txirrinda Kronoak, hilaren 5ean Kasino Zaharrean egindako zirku tailerrak eta hilaren 9an nerabeei zuzendutako puzgarri erraldoiak”.
“Eskerrak” eman nahi izan dizkie udalak jaiak posible egiten dituzten horiei: langileei, boluntarioei, elkarteei eta zerbitzuei.
Erasoei erantzuna
Txosnetan “lagunarteko giroa” nagusitu zen arren, “liskar eta mehatxuak” izan zirela azaldu du, baita horiek “irmoki gaitzetsi” ere: “Gogorarazi nahi dugu Hondarribiko kale eta plazak guztionak direla, guztion artean partekatzeko eta errespetuz gozatzeko. Txosna guneak ere mundu guztia hartzeko espazio irekiak dira”.
Horrez gain, puntu moreak indartu dituen arren, bi indarkeria matxista kasuren berri izan du udalak, eta “irmoki salatu” ditu. Hori dela eta “eraso mota hau ez dela inolaz ere onargarria gure hirian” eta “eraso sexista guztiei aurre egingo” diela adierazi du. Emakumeei “ez daudela bakarrik” argi utzi nahi izan die, “babes eta laguntza zerbitzuak indartu” baititu.
Bestetik, altzari publikoek “kalte ugari” jasateaz gain, garbiketa langileek “jarrera iraingarri eta oldarkorrak jasan behar izan dituztela” jakin du: “Udaletik argi utzi nahi dugu jokabide horiek guztiz onartezinak direla eta herritar guztien kalterako direla, besteak beste, komun publikoak hondatzeak milaka pertsona zerbitzurik gabe utzi dituelako. Zibismoa eta errespetua oinarrizkoak dira jaietan ere”.

