Etorbidearen zubiaren memoriak partekatuko ditu Antxeta Irratiak
Faxistek Iruni su eman ziotenetik 89 urte igaro direla baliatuz, irailaren 2tik 7ra egongo da ikusgai 'Deserriratuen memoriaren zubia' erakusketa. Gainera, egun horietan zehar "erbesteari buruzko memoriak" biltzen dituen podcasta zabalduko du irratiak.
Irailaren 4an faxistek Iruni su eman ziotenetik 89 urte beteko dira, eta “1936ko uda bukaera hartan Etorbidearen zubiak ehunka herritar ikusi zituen ihesian”. Urteurrena baliatuz, Antxeta Irratiak Irun eta Hendaia lotzen dituen zubiak izan duen “deserri” eta “elkartasun” historia zabaltzeko erakusketa antolatu du, Deserriratuen memoriaren zubia izenekoa.
“Gerrek, suntsiketek, kolonialismoak, krisiek… zapalkuntzek orohar zubi honen alde batera zein bestera herritarrak deserriratzea eragin” dutela adierazi du irratiak, eta horietako zenbait zerrendatu ditu: frankismoarengandik ihes egindako errepublikarrak, diktaduragatik alde egindako portugaldarrak, edo gaur egun “miseriatik ihesi datozen afrikarrak, bizi hobe baten bila”.
Baina, Etorbidearen zubia “zatiketa gune” izan den modu berean, “elkartasun gune” ere izan da urte guzti hauetan zehar, eta hori azaleratuko du Antxeta Irratiak, “hamarkadak joan eta hamarkadak etorri Bidasoa ibaiaren inguruan arrazakeriaren, zatiketaren eta zapalkuntza ororen aurkako saretzea bizirik egon dela eta jarraitzen duela”.
Hala, irailaren 2tik 7ra une oro egongo da erakusketa Etorbidearen zubian ikusgai. Horrez gain, erakusketak iraungo duen egunetan “erbesteari buruzko memoriak” bilduko dituen podcasta kaleratuko du irratiak, 17:00etatik 19:00etara.

