1936ko okupazioa oroituko du Irunek
Irailaren 5ean 89 urte beteko dira "tropa kolpistek Irun okupatu zutenetik", eta Irungo Udalak eta elkarte memorialistek zenbait ekitaldi antolatu dituzte.
“1936ko irailaren 5ean, tropa kolpistek Irun okupatu zuten: hiria erori zen, eta, etsaien sua zela eta, zibilek eta hiria defendatzen ari zirenek ihes egin behar izan zuten”, gogoratu du Irungo Udalak. Hori dela eta, Irungo Udaleko Giza Eskubideetarako, Memoria Demokratikorako eta Lankidetzarako Arloak eta zenbait elkartek gertakariak gogora ekartzeko egitarau oparoa antolatu dute.
Izan ere, Gorka Alvarez arloko ordezkariak azaldu duenez, “1936tik aurrera gertatu zen eskubide urraketa” oroitzearekin batera “justizia eta erreparazio printzipioak sustatu” nahi dituzte, “gertatutakoa berriro ez gertatzea bermatzeko”. Gainera, irailak 5 hartakoa gogora ekarriz “hobeto uler dezakegu inguruko egoera, eta egungo eta etorkizuneko belaunaldiei giza eskubideak ez urratzeko balioak transmititzea” ahalbidetzen du.
Urteurrenaren egunean bertan, irailaren 5ean, egingo du udalak ekitaldi instituzionala. Hiriko alkatea, ordezkariak eta elkarteak bertan egongo dira, eta besteak beste, duela 89 urteko okupazio eta erreketan hildakoen omenezko lore eskaintza egingo dute. 12:00etan San Juan plazan finkatu dute hitzordua.
Bestetik, Antxeta Irratiak Deserriratuen memoriaren zubia izeneko erakusketa ezarriko du irailaren 2tik 7ra Irun eta Hendaia arteko Etorbidearen zubian. Irratiak zehaztu duenez, jende andanak igaro du zubia zapalkuntzengandik ihesean, baina “elkartasunak” ere tokia izan du. Zubia igarotzen duen orori bertako historia ikusaraziko dio Antxetak, eta hori gutxi ez, eta erakusketak irauten duen egunetan podcast bat kaleratuko dute arratsaldero.
Azkenik, irailaren 2tik 11ra hainbat hitzaldik osatuko dute egitaraua. Palmero Montero gunean egingo dira guztiak, 19:00etatik aurrera:
- Irailaren 2an Franck Dolosor kazetariaren Gernika batailoia liburuaren aurkezpena.
- Irailaren 3an Irun, bidegurutzea asaldura garaietan hitzaldia, Koldo San Sebastianen eskutik.
- Irailaren 4an Irunen defentsa hitzaldia, Nikolas Gerendiain Irungo Errepublikarrak elkarteko Jon Hernandez eta Miguel Usabiagaren eskutik.
- Irailaren 9an Irundarrak Erorien Haranean hitzaldia, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko Peli Lekuonaren eskutik.
- Irailaren 11n Bonbardaketak Euskadin hitzaldia, Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteko Xabier Irujo eta Koldo Salinasen eskutik.

