Datozen hiletan, "aldaketa nabarmenak Hondarribian"
Hiri mugikortasuna hobetzeko esku artean dituen hiru proiektu edo helburu estrategikoen berri eman du udal gobernuak. Lehen hiri autobusean, terrazen ordenantzan eta aparkalekuen araudian egindako urratsak aurkeztu dituzte.
Urtizberea eta Enparan, gaurko agerraldian. Igor Enparan alkateak eta Estitxu Urtizberea Mugikortasun zinegotziak agerraldia eskaini dute gaur goizean. Honetan, hiri mugikortasunaren inguruan udal gobernua egiten ari den lanketaren berri eman dute, azken urratsak aurkeztu dizkiete hedabideei. Enpararen arabera, datozen hiletan “zenbait aldaketa nabarmen” ikusiko dira Hondarribian.
Gaur aurkeztu dituzten egitasmoak ulertzeko, 2023ra jo behar da, orduan sortu baitzuten lanean ari den mugikortasun mahai hori. Ordutik, beste hainbat alorretan lanean ari badira ere, hiru helburu estrategiko sakonki landu dituzte. Horien berri eman dute gaur.
Lehenak Hondarribiak izango duen lehen hiri autobusari egiten dio erreferentzia. Enparanek gogorarazi du dagoeneko martxan dagoela autobusaren kontratazio prozedura, eta prozedura hori “oso aurreratuta” dagoela aipatu du. “Kontratazio mahaiak bere lanak ia bukatuta ditu eta udalbatzak hasten direnean, esleipen proposamena etorriko da, eta hortik kontratazioa hiru autobusa lehen aldiz martxan jartzeko”, esan du. Udazken honetan, “gauzak ondo bidean”, zerbitzu berria martxan izatea espero du udal gobernuak.
Bigarren helburu estrategikoa terrazen ordenantza izan da. Alkateak gogorarazi du prozesu parte hartzaile bat zabaldu zutela eta lehen zirriborro bat egin zutela, helegiteak aurkeztu zirela eta “egokiera bat” izan zuela eta behin behineko onarpena jaso zuela udalbatzan. Uda ostalarientzako garai konplikatua denez, helegiteak aurkezteko epea (20 egun izan beharrean) urriaren 15era bitarte luzatu zuen udal gobernuak, “denek aukera izan zezaten helegiteak aurkezteko”. “Orduan aztertuko dira helegiteak eta behin-betikoz proposamen bat egingo da udalbatzak onartu dezan, espero dugu urte honetan zehar izatea hori”. Ordenantza hau ere, herrian indarrean sartuko den lehen aldia dela nabarmendu nahi izan du.
Urtizbereak azaldu ditu hirugarren helburu estrategikoarekin lotutako urratsak. Hiriko aparkalekuen azterketa eta arautzean dabil buru-belarri udal gobernua. “Urtebete daramagun lanketa bat da, azterketa bat egin genuen eta orain froga batzuk egiten ari gara azterketa horretatik ateratako ondorioak direla eta”, esan du. Gai honi heltzeko datuekin lan egitea “oso garrantzitsua” dela aipatu du ordezkariak. Hala, enpresa batek zenbaketa lanak egin ditu azken urte honetan (udan eta udazkenean), herriak aparkalekuarekin dituen arazoaren argazki bat ateratzeko.
Enpresak jasotako informazio guztiarekin proposamen bat osatu eta helarazi dio udalari. “Oso proiektu sakona eta mardula da. Batetik, herri guztiaren zonifikazio bat eskatzen digulako. Guztira 9 zona ezberdin proposatzen dira eta horien barruan aparkalekua arautzeko proposamen ezberdinak daude. Bertakoentzako soilik izango diren eremuak, TAO eremuak (bi edo lau ordukoak), libre aparkatzeko eremuak, urtaroen araberako erregulazio bat..”. Aldagai asko biltzen dituen dokumentua dela dio Urtizbereak, eta hortaz, udala teknikoki aztertzen ari dela dokumentu hori. Irailean gainerako alderdiekin elkarbanatu eta landu nahi du udal gobernuak. “Orain genuen aukera etorkizunean hartu beharko ditugun erabaki horiek modu zorrotzagoan hartzeko, ikerketa horretan proposatzen diren hainbat eremutan froga pilotuak egiteko”.
Hiru auzotan ari dira froga horiek egiten, “hiruen egoera oso ezberdina” delako Urtizberearen arabera. Froga hauekin hasi baino lehen, babes politikoa “beharrezkoa” zutela aipatu du, eta horregatik gogorarazi du ekainean hirigintza batzorde batean planteatu zirela froga hauek, eta “aho batez” onartu zirela. Babes politikoa jasota (EAJk azken astean horren kontrako salaketa egin arren), auzotarrekin bildu ziren, eta haien konfirmazioa jaso ondoren, seinalizazioari ekin zion udalak. Froga hauek ez direla “definitiboak” nabarmendu dute biek: “etorkizunean hartu beharko ditugun erabaki askoren hasiera dira froga hauek. Alor honetan ere prozesu parte hartzaile “sakona” egingo dutela hitz eman dute.

