Egoiliarrentzako aparkalekuen probaren berri ez eman izana salatu du EAJ-k
Herritar eta gainerako talde politikoak jakinarazi gabe udalak eremu jakin batzuetako aparkalekuetan egoiliarren seinaleak ezarri dituela salatu dute jeltzaleek. Gainera, aparkalekuen arazoa konpontzeko plaza gehiago sortu behar direla aldarrikatu dute.
Hondarribiko Udalak herriko kale batzuetan egoiliarrentzako bakarrik izango diren aparkaleku batzuk erreserbatzeko proba pilotua inor jakinean egon gabe abiatu izana salatu du EAJ-k. Herritar eta talde politikoak jakinarazi gabe udalak “lurrean egoiliarren seinaleak margotzeari ekin” diola deitoratu dute. Haatik, bidalitako oharrean aitortzen dutenez, eremu batzuetako bizilagunekin bilerak deitu ditu udalak; baina, “bilera horiek atari zehatzetan jarritako kartelen bidez baino ez dira iragarri, herritar guztiei espazio publikoaren erabilerari eragiten dion neurri baten berri eman gabe”.
“Hondarribiko aparkalekuaren arazoa benetakoa” dela argi dutenez, “plaza publiko gehiago sortzea” da jeltzaleen lehentasuna. Ez daude egoiliarrentzako bakarrik izango diren aparkalekuak izendatzearen aurka, baina, eremu batzuetan horrelako aparkalekuak izendatzeak gainerako eremuetako aparkalekuetan eragina izango duela uste dute.
EAJ-k ere baditu arazoa konpontzeko zenbait proposamen, eta hurrengo egunetan jakitera emango dituztela iragarri dute, “elkarrizketan, zorroztasunean eta herritar guztiekiko errespetuan oinarritutako gobernatzeko modu batean sinisten” dutelako.
“Zergatik ez da modu ireki eta gardenean informatu? Zergatik mugatzen da aparkalekua eremu batzuetan, eta ez beste batzuetan? Zein txosten edo irizpide teknikotan oinarritzen da erabaki hori?”, galdetu dute jeltzaleek.
Izan ere, larriena ez zaie “komunikazio falta” iruditu, “jarduteko modu horrek erakusten duen parte hartze eredua” baizik. Aurreko udal gobernuak, EAJ bertan zegoenekoak, Mugikortasun Mahaia abian jarri zuela oroitarazi dute, baina, gobernu berria dagoenetik ez dela ia aurrerapenik egin nabaritu dute: “Zergatik ez da ia bilerarik antolatu azken bi urteetan? Hori al da Abotsanitzek proposatzen duen eredu parte hartzailea?”.

