Bihar irekiko dute urrezko intsignia bozkatzeko epea
Alberto Lasa, Maria Jesus Berrotaran eta Sorotan Bele izango dira intsignia lortzeko hautagaiak. Hilaren 21era arte irekiko dute bozkatzeko epea, eta irailaren 7an banatuko dute saria.
Uztailean urrezko intsignia izateko proposamenak bidaltzeko tartea ireki ostean, bihar zabalduko dute hautagaien artean bozkatzeko epea. Jasotako hautagaitza guztien artean, udaleko alderdi politiko guztietako bozeramaileen artean hiru hautatu dituzte.
Alberto Lasa Ansalas da horietako lehena, “herrigintzan lan handia egindakoa”. 1991tik Parrokiko Abesbatzako zuzendaria da, eta 1992tik Txistularien Alardeko zuzendari ere izan da. Surbesta Abesbatzako zuzendari izandakoa da, eta azken urteetan Herri Kanta Jaialdian Goxoki Abesbatzako zuzendari da. Gainera, urteetan egiteari utzi ondoren, 80. hamarkada bukaeran Jaiotza Biziduna ekitaldia antolatzeari ekin zion.
Maria Jesus Berrotaran Etxeberria da beste hautagaietako bat, Hondarribiko lehen emakume udaltzaina. Emeki Emakume Elkartearen sorreran parte hartu zuen, eta Hondarribiko lehen mazolari ere izan zen. “Herrigintzan etengabeko lanean, emakumearen berdintasuna lortzeko ekimen guztietan aktiboki lanean dabil urte askoan”.
Urrezko intsignia izateko azken hautagaia Sorotan Bele taldea izango da, “pasa den mendeko 90. hamarkadan sortu zen herriko musika talde esanguratsuenetako bat”. Taldearen doinuek “herriaren batasuna” lortu zuten, baita “Hondarribiaren izena edonon zabaltzea ere”. Gainera, sorreran taldean zeuden zenbait musikari Sorotan Bele gogoan izeneko kontzertuak ematen ari dira, adibidez, Gorka Sarriegi eta Urbil Artola.
Hilaren 21era arte zabaldu dute bozkatzeko epea, eta horretarako Hondarribiko Udalaren webgunera jo beharko da. Ondoren, irailaren 7an banatuko dute intsignia.

