Euskara ikasleentzako diru laguntzak eskatzeko epea zabalik da
Guztira 66.000 euroko aurrekontua jarri du Irungo Udalak diru laguntzetarako. Aprobetxamendu akademikoaren arabera, kostuen %100a har dezake diru laguntzak.

2024-2025 ikasturtean euskara ikasteko izena emanda egon diren ikasleek diru laguntza eskatu dezakete dagoeneko. 66.000 euroko aurrekontua bideratu du Irungo Udalak, eta, euskararen ikaskuntza prozesuaren aprobetxamenduaren arabera, kostuen %100a hartzera iritsi daiteke.
Josu Iguiñiz Udaleko Euskara ordezkariak oroitarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko Euskara Aholku Batzordearen erronketako bat “euskara irakatsi eta ikasteko aukerak indartu eta berriak sortzea” dela. Horregatik, Irunen ere “euskal hiztun berriak sortu eta euskal hiztunen arteko erabilera esparruak zabaldu eta indartzeko” erronka dute.
Diru laguntza eskatu nahi duen orok Udalaren webgunean egin dezake eskaera Irun Txartela edo beste ziurtagiri digitalen batekin.