Euskarari ximiko egiteko garaia heldu da
Txapa jartze ekitaldi herrikoiarekin emango diote Hondarribiarrek hasiera Euskaraldiari. Arratsaldeko 18:00etan izango da Kasino Zaharrean.

Iritsi da Euskaraldia. Azken hilabeteetan motorrak berotzen aritu ondoren, gaur arratsaldeko 18:00etatik aurrera emango diote hasiera ofizialki Hondarribiarrek Euskaraldiari. Kasino Zaharrean bildu eta ahobizi edo belarri prest txapak jartzeko ekitaldi herrikoia egingo dute.
Aldez aurretik txapak eskuratu dituztenek horiek eskuan bertaratu beharko dute, hau da, jantzi gabe, eta oraindik jasotzeke dutenek Kasino Zaharrean bertan egin ahal izango dute. Ekitaldia bukatzen denean Mintzodromo ibiltariari emango diote hasiera. Portura heldu arte hainbat geldialdi egingo dituzte eta horietan, pote bat hartu bitartean euskaraz hitz egiteko aukera izango dute.
Gaurko hitzorduez gain, beste hamaika jarduera antolatu ditu Euskaraldiko herri batzordeak. Maiatzaren 20an, adibidez, Taupa mugimenduak sortutako Labur bira Euskarazko Film Laburren XXII. Zirkuitua lurreratuko da herrian. 9 laburmetrailez osatutako jardunaldia izango da, eta 9tik 7 lan emakume gazteek zuzendutakoak izango dira.
Maiatzaren 24koa ere egun garrantzitsua izango da. Euskaraoke herrikoiaren eguna izango da. Norbanako, elkarte, kuadrillak, ikasleak, irakasleak eta edonolako taldeek, oholtza gainean euskararekiko konpromisoa erakusteko eguna. Eguerdiko 12:00etatik aurrera erromeria eta herri bazkaria antolatu dituzte ere.
Hastera doa Euskaraldia. Euskarari ximiko egiteko konpromisoa hartuta erabiltzea besterik ez da falta!
- Maiatzak 15 (17:00): Parketarrak.
- Maiatzak 15 (18:00): Txapa jartzearen ekitaldia, Kasino Zaharrean.
- Maiatzak 15 (18:00): Mintzodromo ibiltaria, Alde Zaharretik Portura.
- Maiatzak 15 (19:00): Miren Agur Meaberen hitzaldia, Udal Liburutegian.
- Maiatzak 17 (18:00): Irakurketa erraza saioa, Udal Liburutegian.
- Maiatzak 22 (17:00): Parketarrak.
- Maiatzak 22 (19:00): Momotxorroak dokumentala eta hitzaldia, Itsas Etxean.
- Maiatzak 23 (19:00): Kemen + Talde Nafarra Dantza, Santa Maria Madalena Plazan.
- Maiatzak 24 (12:00): Erromeria, Portuan.
- Maiatzak 24 (14:00): Bazkaria, Santa Maria Madalena plazan.
- Maiatzak 24 (16:00-24:00): Euskaraokea, Santa Maria Madalena plazan.
- Maiatzak 24 (19:00): Gamazada, antzerki eta dantza ikuskizuna, Arma Plazan.
- Maiatzak 27 (18:00): Irakurketa erraza saioa, Udal Liburutegian.
- Maiatzak 25 (Egun osoa): Hondarribiko dantzari txiki eguna: goizean kalejira; eguerdian hamaiketakoa, Gipuzkoak plazan; bazkaria soroetan; arratsaldean erromeria.
- Maiatzak 29 (17:00): Parketarrak.