Hondarribiko Traineru jaitsiera, larunbatean
Hondartzako estropada eremuan izango da lehia, arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Jaitsieretako esentziari eutsiz erlojupeko modalitatean irtengo dira ontziak.

Larunbat honetan jokatuko da XXV. Hondarribiko Traineru jaitsiera. Urtero bezala, Hondarribiko Arraun Elkarteak antolatu du eta jaitsiera den arren, hondartzako estropada eremuan izango da lehia, eta ez Bidasoa ibaian. Hori bai, jaitsieretako esentziari eutsiz, erlojupeko modalitatean irtengo dira ontziak, banan-banan, minutu bateko tartearekin, eta joan etorri bakarra egingo dute.
Arratsaldeko 16:00etan hasiko da lehia. Beteranoak izango dira lehenak irteten. Kategoria honetan hamar ontzik parte hartuko dute. Ondoren, emakumeen txanda izango da. Etxeko taldea irteten azkena izango da, bederatzigarren irtengo dira, 16:18ean.
Segidan, atsedenik egin gabe, gizonak. Hondarribia B ontzia 16:23an irtengo da eta Hondarribia A 16:35ean. Seniorren kategoria honetan 17 ontzi izango dira lehian.
TKEko zazpi traineruk parte hartuko dute: Getariak, Donostiarrak, San Juanek, eta Hondarribiak Gipuzkoatik, eta Zierbenak, Ondarroak eta Isuntzak Bizkaiatik. Euskotren Ligako traineruei dagokienez sei traineruren presentzia baieztatuta dago:Orio, Zumaia, Arraun Lagunak, Tolosaldea, Hibaika eta Hondarribia izango dira lehian.
Kontxarako kanporaketa eremua
Larunbat honetako eremua ez da udan traineruek egiten duten berbera. Luzeagoa da. Klubetik jakinarazi dutenez 1982. urtera arte Kontxako banderaren kanporaketa jokatzeko estropada eremua izan zen.
Dena dena, badago aukera bat bertan estropada ez jokatzeko. Eguraldi kaskarra egingo balu estropada barrura eramango dute, aireportu ingurura.