Irungo hilketa matxista gaitzetsi du Eudelek
Irungo hilketa matxistaren harira gaitzespen mezua zabaldu du Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak, "gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu, eta elkartasuna adierazi eraildako emakumearen senideei eta hurbilekoei".

Irungo hilketa matxistaren harira gaitzespen mezua zabaldu du Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak, “gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu, eta elkartasuna adierazi eraildako emakumearen senideei eta hurbilekoei”.
47 urteko gizon batek labanaz eraso zuen ama atzo 13:30ean irunen. Emakumea Donostia Ospitalera eraman zuten zaurituta eta bertan hil dela jakinarazi dute gaur goizean.
Eudel-Berdinsareak nabarmen jarri du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, “izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da. Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…), kasu honetan, familia-barruko indarkeriaren testuinguruan, emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina”.
Azken hilketa matxistak berriro jarri duela erdigunean erakundeek zein euskal gizarte osoak indarkeria matxistaren gainean duten erantzukizuna adierazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen elkargoak, “gure udalerrietan berdintasuna eraginkor egiteko”. Bide horretan, sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu beharra nabarmendu du, “etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia”.